kultura
Heriotza
Lauren Bacall zendu da, 89 urte zituela
Erredakzioa
Ohorezko Oscar saria eman zioten 2009an eta Zinemaldiak Donostia saria eskaini zion 1992an.
Lauren Bacall Hollywoodeko urrezko aroko izarretako bat itzali da bart, 89 urte zituela. Lauren Bacalli ohorezko Oscar saria eman zioten 2009. urtean, eta Zinemaldiak Donostia saria eman zion 1992an.
Bacall 70 urtez aritu zen zinema munduan, bere ibilbidea 19 urte zituela hasi baitzuen To have and have not filmarekin, aurrerago senarra izango zuen Humprey Bogart aktorearen eskutik. Beste hiru film gehiago egin zituzten elkarrekin, Bogart hil zen arte.
30 filmetan baino gehiagotan agertu da Lauren Bacall, Hoy to marry a Millionaire eta Murder in Orient Express pelikuletan, besteak beste. Gainera, Broadwayen ere oholtza gainera igo zen, eta AEBko antzerkigintza saritzen duten bi Tony sari ere jaso zituen.
1996an, Oscar saria jasotzeko izendatu zuten, Barbra Streisandekin batera The mirror has two faces filmean egindako lanagatik.
Sari hori, baina, urte batzuk geroago eskuratu zuen, 2009an, bere ibilbidean egindako lan ona aitortzeko ohorezko Oscar saria eman ziotenean.