Itxi

kultura

DSS2016EU

Donostia 2016k programazioaren zati bat aurerratuko du otsailean

Erredakzioa

Elkarrizketak eta Energia-olatuak ildoek itxiko dute kultur programaren egitura, Bakearen Itsasargia, Ahotsen Itsasargia eta Bizitzaren Itsasargia gai-ardatzen baitan dauden jarduerekin batera.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Bulegoak ekimenaren kultur programa itxitzat eman du bi programazio-ildo berriri esker: Elkarrizketak eta Energia-olatuak. Bi ildo berri horiek hiriko ekitaldien ohiko agendarekin Hiriburutzak duen lotura eta herritarren parte-hartzea sustatuko dute, hurrenez hurren.

Bi ardatzak proiektuaren programazio-arlo nagusiak diren Itsasargiei gehitu zaizkie eta, horrenbestez, itxitzat jo dute DSS2016EUren programazioaren behin betiko bizkarrezurra.

Itsasargiak hiru edukiontzi tematiko dira, eta hogeina jarduera hartzen ditu bakoitzak bere gain. Bakearen Itsasargiak elkarbizitza sustatzera bideratutako proiektuak hartzen ditu, eta giza eskubideak, elkarbizitza, elkartasuna, identitatea eta aniztasuna ditu ardatz.

Bizitzaren Itsasargiak, berriz, bizitza hobe eta osasungarri baten garapenera bideratutako jarduerak programatuko ditu, eta ongizatea, feminismoa, hirigintza, geografia komun europarra edo ondare naturala hartuko ditu hizpide.

Azkenik, Ahotsen Itsasargia adierazpen eta jarduera artistikoei eskainiko zaie. Itsasargi honetako proiektuek adierazpena, transmisioa, kulturartekotasuna, memoria eta itzulpena lantzen dituzte.

Eduki horiei Elkarrizketak izeneko ildoa gehitzen zaie, eta 2016ko Kultur Hiriburutza hiriko kultur agenda ofizialarekin uztartzeko jartzeko eta elkartrukearen ahalmen sortzailearen inguruko proiektu zehatzak martxan jartzeko diseinatu da.

Ildo honek baitan hartzen dituen jarduerak, besteak beste, DSS2016EUren lantaldeak eta Zinemaldiak, Hamabostaldiak, Heineken Jazzaldiak, dFERIAk edo Dock of the Bay musika-dokumentalen zinema-jaialdiak elkarrekin sorturikoak izango dira.

DSS2016EUren kultur programa ixteko "Energia-olatuak" izeneko ildoa prestatu dute: herritarrei euren proiektuak proposatzeko gonbita egiten die, ondoren finantzatu eta Europako Kultur Hiriburutzaren programazioan sar daitezen.

Sei jarduera

Bake ituna: Artearen historian bakeak ezagutu dituen irudikapenei buruz Europan inoiz antolatu den erakusketarik handiena, Donostian eta beste hiri batzuetan zabalduko dena.

Uda-gau bateko ametsa: Iratxoekin eta maitagarriekin batera ikus-entzule zein antzezle izatea, Shakespearen lan hilezkorrean. Cristina Enea parkeak eskaintzen duen testuinguruan antzeztuko da lana, bere egilea hil zela 400 urte betetzen diren urtean.

Antzerki foruma: eta hik zer?. Antzerkiak eskaintzen duen indarra enpatia sustatzeko erabiltzea proposatzen da, ikus–entzulea lanaren eta, beharbada, bere errealitatearen antzezle eta egile bihurtzen duten antzezpenen bitartez.

GR2016: Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Bizkaiko paisaia naturaletatik diseinatutako ibilbidea, gure ondare ekologikoa ezagutzeko. Europako Kultur Hiriburuaren lurraldean luzatzen den Ibilbide Luze bat osatu da, adierazpen artistikoz beteta dago eta 2016an aurkeztuko da, udaberritik udazkenera bitartean.

Emusik 2016: Europako historiako musikari-elkartzerik handiena. Europako 26 herrialdetako 10.000 interpretatzaile gazte baino gehiagok musikaz beteko dute Kultur Hiriburua, mila bat kontzerturen eskutik. Ekimenarekin amaitzeko, parte-hartzaile guztiek emanaldi bikain bat eskainiko digute.

Time Machine Soup: Happening multisentsorial honetan diziplina eta hizkuntza artistiko desberdinak nahasten dira. Denboran atzera egingo dugu pixkanaka, bidaia atzeragarri batean.