kultura
Proposamena
Geuk plataformak kulturgintzarako 'premiazko neurriak' proposatu ditu
Erredakzioa
Kulturgintzan diharduten hainbat eragilek adostutakoa aintzat hartzea eskatu dio Guk gEUre Kulturaz taldeak asteazkenean batzartuko den Kulturaren Euskal Kontseiluari.
-
Geukeko ordezkariak, gaurko aurkezpenean. Argazkia: EiTB.
Euskal Herrian kulturgintzan diharduten hainbat sortzailek, antolatzailek, hedabidek, hezitzailek eta zalek 2014an Durangon eginiko bi hausnarketa eta lan jardunaldietatik ateratako ondorioak batu eta premiazko neurrien egitasmoa ezarri du Geuk gEUre Kulturaz plataformak.
Kulturak bizi duen “egoera larriari” begiratuta, plataformak 300 herritar baino gehiagoren ekarpenak helarazi nahi dizkio orain Kulturaren Euskal Kontseiluari, Legebiltzarrari, gainerako administrazio publikoei, alderdi politikoei eta, oro har, herritarrei.
Geuk plataformaren ustez, besteak beste, erronka hauek ditu aurretik euskal kulturgintzak: sektorea artikulatzea, komunikabideetan kulturari tarte handiagoa eskaintzea, herritar orori kulturarako sarbidea bermatzeko legedia bultzatzea, kulturgintza teknologia berrietara egokitzeko laguntzak lortzea, hezkuntza eta kulturaren arteko harremana sustatzea eta kulturgintzari atxikitako enplegua sustatzea.
Horren aurrean, premiazko neurriak proposatu dituzte, bost talde hauetan banatuta: babes juridikoa, babes ekonomikoa, sorkuntzaren babesa, ekoizpen eta zerbitzuen babesa, artikulazioa eta ikusgarritasuna.
Horien artean, proposamen hauek daude: hedabideetan eta eduki programazioetan bertoko kulturarentzako kuotak ezartzea, sortzaileen estatutua sortzea, Gizarte Segurantzan erregimen berezia sortzea, kulturaren transmisioa bermatzea, Euskarazko Kultura Elkartea sortzea, arloz arloko klusterrak sortzea, Internet bidezko kultur katea sortzea EiTB eta entitate pribatuen laguntzaz…
Elkartearen webgunean, proposamen guztiak irakur daitezke.