Itxi

kultura

Bruselan

Europako jarraipen batzordearekin bilduta dago Donostia 2016

Erredakzioa

Bruselan, batzordeak hiriari Melina Mercouri saria emango ote dion aztertuko dute. Orain arte, kulturaren europar hiriburu guztiek jaso dute berrespen hori.

  • Pablo Berastegui, Donostia 2016ko zuzendari nagusia

    Pablo Berastegui, Donostia 2016ko zuzendari nagusia

Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari nagusia, Xabier Paya kultura zuzendaria eta Juan Karlos Izagirre alkatea buru, Donostia 2016ko ordezkaritza bat Bruselan da gaur. Goizeko hamarretan hasita, egitasmoaren nondik norakoak azaltzen dihardute bertan. Ondoren, jarraipen batzordeko kideek galderak egiteko aukera izango dute.

Europako jarraipen batzordearen azterketa pasatu beharko du gaur hiriburutzaren proiektuak, eta azken egunotan patronatuaren barruan izandako zatiketak eraginik ez izatea espero dute arduradunek.

Europako Kultur Hiriburu izan diren hiri guztiek lortu dute orain arte Melina Mercouri saria, eta hark dakarren diru laguntza. Europako jarraipen batzordeak proiektuari bere oniritzia agertzeko modua da, nolabait, gaur ebatziko duten saria ematea, eta Donostia ez da beste ezein hirirekin lehiatuko.

Gaurko hitzordua Donostia 2016 Fundazioaren patronatu barruan bizi den zatiketa giroan dator. Patronatuak Kontseiluarekin hizkuntza aniztasunari buruzko goi bilera bat egiteko sinatutako hitzarmenak iritzi kontrajarriak eragin ditu patronatuko kideen artean, eta Espainiako Kultura Ministerioak auzitara jo du.