Publizitatea
Itxi

2015/03/24

15:34

kultura

Kultur hiriburutza

Europa Donostia 2016rekin pozik, 'eragiten duen zarata gorabehera'

Erredakzioa

“Proiektua bera” da garrantzitsuena Europako jarraipen batzordearentzat, Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari nagusiak EBko ordezkariekin bildu eta gero esan duenez.

00:30
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donostia 2016 proiektua aztertzen diharduen jarraipen batzordea Kulturaren Europar Hiriburutzaren proiektua egiten ari den bidearekin “pozik” agertu da gaur, donostiar egitasmoaren ordezkariekin Bruselan batu eta gero.

“Estimatzekoa da eurek garrantzia, inguruan sortzen den zaratari barik, proiektuari berari ematen diotela ikustea”, esan du Pablo Berastegui Donostia 2016ren zuzendari nagusiak.

DSS2016EU Fundazioaren ordezkaritza bat Bruselan egon da gaur, kulturaren europar hiriburuen batzordearen aurrean proiektua defendatzen; izan ere, Melina Mercouri saria lortzeko hautagaia da Donostia. 1,5 milioi euroko saria dakar aintzatespen horrek, eta, orain arte, kultur hiriburu izan diren hiri guztiek jaso dute.

Donostia 2016k ohar batean jakinarazi duenez, bileraren ostean, europar agintariek eta beste kultur hiriburu batzuen zuzendari ohiek osatutako batzordeko kideek donostiar ordezkariak zoriondu dituzte, “proiektuak hartu duen bideagatik”.

Berasteguik azpimarratu duenez, Donostiako lantaldea behin baino gehiagotan zoriondu dute, eta “zenbait gauza aldatu eta hobetzeko” iradokizun batzuk egin dizkiete, oso tonu “gertuko eta txeratsuan”.

Berastegui, Xabier Paya eta Donostia 2016ko talde teknikoko beste kide batzuk ez ezik, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta 2016 Fundazioaren presidentea eta Ikerne Badiola Gipuzkoako foru diputatua ere bertaratu dira Bruselara.

Horiez gain, Garazi Lopez de Etxezarreta Kulturako foru zuzendaria, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Mercedes Elvira del Palacio Tascón Espainiak Europar Batasunerako duen Kultura sailburua ere izan dira.

Azken jarraipen bilera

Izagirrek “oso positibotzat” jo du bilera, eta batzordekideek galdera guztiak “eraikitzeko asmoz eta oso tonu onean” egin dituztela nabarmendu du.

“Adituen ustez, oraindik hiriburutzaren urtea hasteko hilabete batzuk falta direla proiektuak oinarri-oinarrizko hainbat alderdi hartzen ditu bere baitan, hala nola Europa osorako dimentsioa eta herritarren parte-hartzea, baita hirirako eta lurralderako ondare baliagarria uzteko asmoa ere”, Izagirreren hitzetan.

Bigarren jarraipen bilera hau azkena izan da, eta, hartara, Europar Batasunak itxitzat eman du “monitorizazio epe ofiziala”.

Orain, batzordeak “DSS2016k aholkuak aintzat zein neurritaraino hartu dituen” aztertuko du, eta, ondo baderitzo, Donostia 2016ri Melina Mercouri saria emateko gomendioa emango du. Europako erakundeek Kulturaren Europar Hiriburuei ematen dien diru laguntza bakarra da sari hori, eta, Donostiari esleitzekotan, irailean jasoko luke.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;