Itxi

kultura

Maiatzak 29-31

Olatu Talka jaialdiak Donostiaren alde 'ezkutuak' berreskuratuko ditu

Erredakzioa

Urtean zehar herritarrek garatzen dutenaren erakusleiho izan nahi du maiatzaren 29, 30 eta 31n egingo dute jaialdiak.

  • Maiatzaren 29, 30 eta 31n egingo dute jaialdia.

    Maiatzaren 29, 30 eta 31n egingo dute jaialdia.

Olatu Talka jaialdiak Donostia hiria astinduko du maiatzaren 29, 30 eta 31n. Urtean zehar herritarrek garatzen dituzten jardueren erakusleiho izan nahi du, baita horiek birpentsatzeko, aberasteko eta garatzeko baliabidea ere.

Donostia 2016ren kultur proiektuaren baitako ekimena izanik, duela bost urte ekin zioten Donostia 2016k eta Donostia Kulturak elkarlanean jaialdia antolatzeari eta ordutik, herritarren parte-hartzeari esker, hirian sustraitu den jarduera bilakatu da.

Jaialdia Donostiako esparrura mugatuko da aurten eta, herritarren eskaerari jarraituz, presentzia handiagoa izango du auzoetan. Izan ere, geografikoki banatuta dauden Olatu Talka Guneetan oinarrituko da programazioa: Uliako lore baratzak, Altzako San Martzial plaza, Kontxako arkupeak, Sagues, Miramongo basoa, Cristina Enea parkea… izango dira, besteak beste, espazio horiek.

Guneetan jarduera ezberdinak bilduko dira, festa txikiak osatuz. Helburua da, hirian zehar festa giroa zabaltzeaz gain, eragile ezberdinak harremanetan jarri eta euren arteko gurutzamenduak sustatzea, epe luzean iraungo duen kultur egitura sendoagoa lortzeko.

Olatu Talkak aurtengoan aurkeztuko duen berritasun nagusienetakoa, bestalde, hirian ezkutuan dauden espazioak berreskuratzea izango da. Publiko zabalari ezezagunak zaizkion tokiak agerian utzi eta espazio horiek kultur jarduerarako aktibatzea da asmoa. Horren adibide dira Uliako lur azpiko ur biltegietan izango den jardunaldi irekia, Polloe hilerriko Burua altxatuko balu bertso ibilbide musikatua edo Kontxako arkupetan prestatuko duten Kontxa Gaumarket iluntzeko merkatua.