Itxi

kultura

Artea

Picassoren alabetako batek hiru koadroren lapurreta salatu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Frantziako Justizia ustezko lapurreta ikertzen hasi da. Catherine Hutin-Blayk jarri du salaketa, Picasso eta Jacqueline Roqueren alabak.

01:26

Picassoren alabetako batek, Catherine Hutin-Blayk, aitarengandik jasotako hiru koadroren lapurreta salatu zuen martxoan. Horrekin lotuta, asteon, Olivier Thomas arte-merkataria eta Air Transit International enpresako gerentea  atxilotu du Frantziako Poliziak, eta atzo kargurik gabe aske utzi zuten. 'Le Figaro' eta 'Le Parisien' hedabideek zabaldu dute gaur informazioa.

Parisko Fiskaltzak martxoaren 23an abiatu zuen ikerketa, ustezko lapurreta argitzeko. Hutin-Blay jarritako salaketaren arabera, Mouginsen duen etxean zituen koadroetatik hiru lapurtu egin zizkioten; "Rembrandt", "Femme se coiffant" eta "Espagnole a l'eventail" dira ustez lapurtutako artelanak, azken bi horiek Hutin-Blayken amaren erretratuak.

Picassoren alabaren hitzetan, 2008an Moungisen zituen arte-lanen inbentarioa egiteko eskatu zion Olivier Thomas arte-merkatariari, koadroak lekuz aldatu behar zituela eta.

Thomasek Air Transit International enpresaren egoitzara eraman zituen arte-lanak. Denborarekin, Hutin-Blay eta Thomasen arteko harremana gaiztotu egin zen, batez ere, 2012ko amaieran, arte-merkatariak Picassoren alabari bere enpresaren egoitzara sartzea debekatu zionetik. Poliziara deituko zuela mehatxua egin ondoren, Thomasek biltegira sartzeko baimena eman zion Hutin-Blayri, baina orduan ez zen koadroak falta zirenik ohartu.

Urtarrilean Flavio Capitulano zaharberritzaileak Picassoren alabarengana jo zuen, bere amaren bi erretratu saldu egin al zituen galdezka. Izan ere, Thomasek hiru arte-lan berritzeko eskatu zion Capitulanori; hain justu, Hutin-Blayki falta zaizkion hirurak. Arte-merkatariaren arabera, erosketa batean eskuratu zituen hiru pieza horiek. Picassoren alabak ukatu egin du koadroak saldu izana, eta, ondorioz, lapurreta salatzeko kereila jarri du.

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Artea argazkiak