kultura
Donostia 2016
Zapart jaialdiak komikia Maule eta Donostiara eramango du
Agentziak | Erredakzioa
Jaialdia 2016ko ekainaren 3tik 5era izango da, Maulen, eta ekainaren 10etik 12ra Donostian. Lehenago, larunbat honetan, hilak 13, aurrerapen bat eskainiko dute Gipuzkoako hiriburuan.
Donostia 2016ren jardueretako batek, Zarpart jaialdiak, komikia kalera eramango du, nola Gipuzkoako hiriburuan hala Zuberoakoan, parte-hartzea eta zuzeneko sormena ardatz izango dituen programa baten bidez.
Xabiroijaleak eta Kakots marrazkilari elkarteek proposatuta sortu dute ekimena, eta Maulen abiatuko da, 2016ko ekainaren 3tik 5era. Handik astebetera, ekainaren 10etik 12ra, Donostiara aldatuko da, Komikugunearen ingurura.
Larunbat honetan, hilak 13, hala ere, Zaparten aurrerapen moduko bat egingo dute, Donostian: kale animazioa eta karikaturak egongo dira, Komikigunean umorezko istorioen inguruko mahai-ingurua dagoela aprobetxatuta.
Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari nagusiak aurkezpenean esan duenez, Donostian “komikiaren boulevarda” zabalduko dute hiru egunez, eta jarduera marrazkilariek eurek proposatu dutela azpimarratu du.
Jaialdiak hainbat diziplina artistiko nahasiko ditu, besteak beste marrazkilarien eta bertsolarien arteko uztarketetan, eta erakusketak ere eramango ditu Zuberoako eta Gipuzkoako hiriburuetara, aretoetara eta tabernetara.