Itxi

kultura

Kultur Hiriburua

Donostia 2016k hainbat euskal udalerritan aurkeztuko du proiektua

Agentziak | Erredakzioa

2016ko Europako Kultur Hiriburu izango dela eta prestatutako egitaraua jendeari azalduko dio, ekain eta uztailean, Gasteizen, Bilbon, Iruñean, Tolosan eta Getarian.

Donostia 2016k Europako Kultur Hiriburutzaren proiektua aurkeztuko du ekainean eta uztailean Gasteizen, Bilbon, Iruñean, Irunen, Tolosan eta Getarian. Ordubeteko saio irekiak izango dira.

Gipuzkoako hiriburuko auzoetan halako saioak egin dituzte jada, eta “oso arrakastatsuak” izan zirela esan dute bulegoaren antolatzaileek. Oraingo ekitaldiek, hartara, programaren edukiak Donostiatik haraindi zabaltzeko balioko dute.

Hiriburutzaren antolatzaileen esanetan, proiektua “oso aurreratuta” dago, eta, horregatik, “herritarrekin partekatzeko unea heldu da”, haien ustez. “Lan ildo nagusiak, programazioa eta 2016 baino lehenago zer pauso emango ditugun erakusteko garaia dugu”, esan dute.

Herritarren zalantzak argitzea da topagunearen helburua: Zer da Donostia 2016? Zein da programazioa? Zelan har daiteke parte?

Aurkezpen saioak hauek izango dira:

Baluarte (Iruñea): ekainaren 22an, astelehena, 19:30ean.

Artium-Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa (Gasteiz): ekainaren 25ean, osteguna, 19:30ean.

Cristobal Balenciaga Museoa (Getaria): uztailaren 9an, osteguna, 19:00etan.

Oiasso Museoa (Irun): uztailaren 15ean, asteazkena, 19:30ean.

Topic, Nazioarteko Txotxongilo Zentroa (Tolosa): uztailaren lehen hamabostaldian.

Azkuna Zentroa: Data eta ordua, zehazteke.