Itxi

kultura

Kultura-ondarea

Iparraldeko Donejakue Bideak Munduko Ondare izendatu ditu Unescok

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Donejakue Bidearen ibilbide horiek Euskadi, Errioxa, Kantabria, Asturias eta Galizia zeharkatzen dituzte.

  • Iparraldeko Donejakue Bideak Euskadi zeharkatzen du. Argazkia: EiTB

Nazio Batuen Erakundearen Zientziarako, Hezkuntzarako eta Kulturarako Munduko Ondareen Batzordeak (Unesco) Munduko Ondare izendatu ditu Iparraldeko Donejakue Bideak, gaur Alemaniako Bonn hirian izandako 39. saioan, Espainiako Hezkuntzarako, Kulturarako eta Kiroletarako Ministerioak jakinarazi duenez.

Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntzarako, Kulturarako eta Kiroletarako ministroak azpimarratu duenez, "Unescoren izendapen horrek poza handia dakar, bost Autonomia Erkidegoen artean egindako ahaleginean eta elkarlanean bereziki oinarritzen baita". Izan ere, Donejakue Bidearen ibilbide horrek Euskadi, Errioxa, Kantabria, Asturias eta Galizia zeharkatzen ditu.

Donejakue Bidearen beste ibilbide bati egindako aitorpen horrek Donejakueren fenomenoaren jatorria azaltzea du helburu. Iparraldeko Bideak Santiagorako pelegrinazioaren sustraiak dira, eta apostoluaren hilotzaren aurkikuntzarekin eta Asturiaseko erreinuaren sustapenarekin lotuta dago.

Hamaika mendez, Donejakue Bidea Europako komunikazio-biderik ezagunetarikoa izan da. Merkatal-ardatz garrantzitsu bihurtu zen, eta ezagutza hedatu zuen. Bide horren bitartez, Europako beste herrialde batzuetako elementu sozialak, ekonomikoak eta artistikoak sartu ziren Espainian, eta horrek hirien eta herrien sorkuntza, eta eraikin zibil eta erlijiosoen eraikuntza sustatu zituen.