Itxi

kultura

'Kultura Helburu'

Antzezlan, liburu eta filmetarako beherapen txartelak aurkeztu dituzte

eitb.eus

Eusko Jaurlaritzak Kultura Helburu kanpaina abiatu du, herritarrek liburuak erosi eta antzoki eta zinema aretoetara joateko promozio eta deskontu bereziak izan ditzaten.

1:18

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak Kultura Helburu programa aurkeztu du gaur, Bilbon. Berorren bidez, herritarrek Euskadiko 54 antzoki, 16 zinema areto eta 67 liburu dendatan hainbat sormen gai deskontuekin eskuratzeko aukera izango dute.

Sektore bakoitzak (arte eszenikoak, zinema, literatura eta zuzeneko musika) diseinatu du bere promozio kanpaina “hemengo sorkuntzaz goza dezaten, herritarrak erakartzea eta gonbidatzea” helburu hartuta.

Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro ipiniko ditu pizgarri ekonomiko gisa 50.000 euro sektore bakoitzerako, Muñozek azaldu duenez: “Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei dagokigu herri honetako kultura ekoizpena laguntzea eta bultzatzea. Bereziki, ekoizpenak eta publikoak bat egiten duten une hori laguntzeko politikak egin behar dira”, esan du.

Kanpainak

Zatoz Antzokira kanpainak beherapen txartel bat eskainiko du. Hiru emanalditara joanez gero, laugarrena doakoa izango da (gonbidapenak gehienez 12 euroko balioa izango du), eta 54 antzokitan erabiltzeko aukera izango da.

Bidaiariak Zinera kanpainak, berriz, euskarazko filmak, euskal produkzioak eta pelikula europarrak sustatuko ditu. Ikusleek 2 euroko beherapena izango dute promozioaren barne dauden filmetan.

Liburu Txartela kanpainak euskal literatura, euskal idazleak eta euskal argitaletxeen lanak bultzatzea du xede. Txartelarekin, Euskal Herriko idazleek euskal argitaletxeetan argitaraturiko euskarazko eta gaztelerazko liburuak beherapenarekin erosteko aukera izango da: 30 euroko erosketa eginez gero, 12 euroko balioa duen liburu txartela eskuratuko du erosleak, kanpainarekin bat egin duten saltokietan hurrengo erosketan erabili ahal izateko.

Azaroaren 9tik abenduaren 9ra arte iraungo du azken honek.

Zuzeneko kontzertuetarako kanpaina martxan da dagoeneko.