Itxi

kultura

Aintzatespena

Juan Antonio Urbeltzek Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du

Agentziak | Erredakzioa

Urbeltzek dantzei egindako ekarpen “oparo eta eraginkorra” azpimarratu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak sariaren bidez. Abendu amaieran emango diote golardoa.

  • Juan Antonio Urbeltz

    Juan Antonio Urbeltz

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko Urrezko Domina emango dio Juan Antonio Urbeltzi, dantzari eginiko ekarpen “oparo eta eraginkorragatik”, Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur iragarri duenez.

Lasaren esanetan, goraipamen honen bidez, Urbeltzek Argia taldearen zuzendari gisa has zenetik “euskal dantzei egin dien ekarpen handia” aintzat hartu nahi dute.

Juan Antonio Urbeltz Iruñean jaio zen, 1940an, baina txikitatik Donostian bizi izan da. Goizaldi taldearen eskutik hasi zen dantzan.

Lasak azaldu duenez, bost arrazoi daude saria Urbeltzi emateko: euskal dantza tradizionalaren jakintza zientifikoan eginiko “lan eskerga”; diziplina honetan “zorrozki eta seriotasunez” ekiteko sormena; publikatutako bederatzi lanetan erakutsi duen ikerketa teoriko “zabala”; euskara zabaltzeko eta gizarteratzeko jokatutako papera; eta ibilbide osoan “elkartasuna, eskuzabaltasuna eta lidertza” erakutsi izana.

"Sektore osoarentzako goraipamena"

Gainera, saria “euskal dantzen sektore osoari” zabaldu nahi dio Aldundiak, “Gipuzkoako gizarte modernoan duen garrantziagatik eta komunitatea bateratzeko ahalmena erakutsi duelako”.

Bestalde, Utbeltzen jardueretan Marian Arregik izan duen “garrantzia” ere azpimarratu du Lasak: “Nekez uler daiteke Urbeltzen jarduna Arregik konposatu eta orraztutako lan musikalak aitortu gabe”.

Abendu erdialdean jasoko du domina Urbeltzek.