kultura
GIPUZKOAKO TXAPELKETA
Jon Maiak irabazi du Eibarko finalerdia
ERREDAKZIOA | EITB.EUS
Modu horretan, zumaiarrak zuzenean lortu du finalerako txartela. Eibarkoa izan zen azken finalaurrekoan, eta, beraz, abenduaren 19an Ilunben oholtzara igoko den zortzikoa erabakita geratu zen.
Jon Maia bertsolari zumaiarrak irabazi zuen, atzo, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken finalaurrekoa. Eibarko Astelena pilotalekuan izan zen saioa, bertsozalez gainezka zela.
Hiru finalaurrekoetan azkena izan zen atzokoa, eta beraz, finalean arituko den zortzikotea erabakita geratu zen: Jon Maia, Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa bertsolariak igoko dira oholtzara, abenduaren 19an, Ilunben.
Maiak 500,5 puntu lortu zituen atzo. Bere atzetik, bigarren eta hirugarren postuan egin zuten Arkaitz Oiartzabal Xamoak eta Nahikari Gabilondok, hurrenez hurren. Honela geratu zen atzoko saioa:
Jon Maia Soria 500,5
Arkaitz Oiartzabal Agirre "Xamoa" 481
Nahikari Gabilondo Mendizabal 468
Mikel Artola Izagirre 463,5
Iñaki Gurrutxaga Zubimendi 447
Felix Zubia Olaskoaga 440,5
Finala
Abenduaren 19an egingo da finala Donostiako Ilunben. 17:00etan hasiko da saioa, eta orduan, aintzat hartu beharreko oharrak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren webgunean daude jasota.
Sarrerak eskuragai daude bai www.bertsosarrerak.eus atarian, eta baita Durangoko Azokan, Bertsozale Elkarteak eta Lankuk atondutako standean (Goienkale 46). Bazkideek 15 eurotan dituzte sarrerak, 6 eta 16 urte bitartekoek 10 eurotan eta gainerakoek 20 eurotan.