kultura
heriotza
Glenn Frey, The Eagles taldeko sortzaileetakoa eta gitarrista hil da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Besteak beste, 'Hotel Califonia' abestiak egin zuen mundu osoan ezagun The Eagles taldea. New Yorken hil da Frey, 67 urte zituela.
-
Glenn Frey. EFE.
Glenn Frey The Eagles talde estatubatuarreko sortzaileetakoa hil zen atzo gauean, New Yorken, 67 urte zituela. Musika taldeak eman du heriotzaren berri, sare sozialen bidez zabaldutako agiri batean. Osasun arazo ugari zituen gitarrista ezagunak, eta horien ondorioz zendu da.
Besteak beste, 'Hotel Califonia' abestiak egin zuen mundu osoan ezagun The Eagles taldea. "Ez dugu hitzik gure samina eta maitasuna adierazteko. Guri eta musikaren komunitateari Freyk eman digun guztiagatik sentitzen dugun errespetua adierazteko hitzik ere ez dugu", esan dute agirian.
Detroiten jaio zen gitarra-jotzailea 1948an. 70eko hamarkadan sortu zuen The Eagles taldea, Don Henley, Bernie Leadon eta Randy Meisner musikariekin batera. Gitarra jotzeaz gain, abeslari lanak ere egin zituen 'Take It Easy', 'Peaceful Easy Feeling', 'Tequila Sunrise' edota 'Heartache Tonight' abestietan.
80ko hamarkadan utzi zuen The Eagles banda, eta bakarkako bideari ekin zion.