kultura
gertutik
Ceuta lehen geltokia baino ez da
Xabier Larrazabal | EITB
Europa Transit proiektuaren multimedia autobusaren lehen geltokia Ceuta izan da eta bertara ailegatzen diren migratzaileen istorioak bilduz prest da proiektuko lehen dokumentala
Europa Transitek gatazkan bizi diren edo bizi izan diren 10 hiritan zehar egin behar duen ibilbidearen erronka horrela laburtzen du Xabi Paya, Donostia 2016ko kultur programaren zuzendariak: “Hiri bakoitzera artista bat doa, han lan egiten du gatazka horren inguruan berak kontzeptualizatutako proiektu bat eginez, eta proiektu hori da dokumentalean ikusiko duguna”. 10 hiritako 10 gatazka, 10 artistaren begiradaren bitartez jasoko dira 10 dokumentaletan.
Lehenengo dokumentala Ceutan errodatu dute, eta bertara heltzen diren migratzaileen errealitatea islatu nahi du. “Mugaldeko mezuak”du izena eta Sergi Cámara argazkilaria du gidari. Cámarak mugetan egin ohi du lan eta badaramatza urte batzuk Ceuta eta Melillako hesien ingurukoak jarraitzen. Dokumentalak Sergi Cámarak Ceutako etorkinen aldi baterako egonaldi zentruan antolatzen duen argazki erakusketaren nondik norakoak erakusten ditu: erakusketa horretako argazkietan ageri diren migratzaileen bila Bilbora zein Parisera egindako bidaietatik hasi eta argazkiok jendaurrean aurkeztu arteko prozesua ikusi daiteke. Argazki horiekin antolatuko duen erakusketaren bidez,argazkilariak Ceutara Africa osotik ailegatu berri diren migratzaileei bide bera aspaldi egin zuten lagunen bizitza erakusteko asmoa du. Imanol Otaegi, Donostia 2016ren enbaxada ibiltarien arduradunak zera esan du: “Ceutara ailegatzen diren askok uste dute ailegatu direla Europara, baina ez dakite ez direla Europa kontinentalera pasatzeko libre izango. Erakusketak hori erakutsiko die, eta ikusaraziko die Europa ez dela amestu zutena, gauzak hemen ez direla hain errezak.”
“Mugaldeko mezuak” gaur gauean botako dute ETB 1en, eta bi aste barru ETB 2n.
Bigarren dokumentalean ere badabiltza lanean Europa Transitekoak. Belfasten errodatu dute, eta Imanol Otaegik aurreratu duenez, “IRAko kide ohien, lider errepublikanoen eta paramilitarren testigantzak bilduko ditu” .Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatuko da.
Autobusa orain Dresden da, Alemanian, eta urte osorako gasolina du.