Itxi

kultura

Ubik

Tabakalerako sorkuntza liburutegia, zabalik

eitb.eus

Donostiako zentroak Ubik sorkuntza liburutegia zabalduko du gaur. Asteburu osoan, hainbat ekimen izango dira bertan: grafitia, ikastaroak, musika…

  • ubik

Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroak Ubik sorkuntza liburutegi berria zabaldu du, “hirugarren espazioa” bilakatzeko helburuarekin; lanetik eta etxebizitzatik ezberdintzen den espazioei deitzen zaie horrela, “norberak bere egiten duen gunea”, alegia.

Ubikek edukiak (programa publikoak, zine zikloak, erakusketak, etab.) modu sakonean ezagutzeko eta sormen prozesuak erabiltzaileei gerturatzeko aukera emango du, eta sormenerako baliabideak herritarren eskura jarriko ditu.

Liburutegi izaera duen zerbitzua izango da Ubik, baina pertsonek bildumak baino garrantzia handiagoa hartzen dute bertan, Tabakalerako arduradunek ohar batean azaldu dutenez: materialak kontsultatzeaz gain, eduki berriak sor daitezke bertan.

“Ikasi, sortu eta gozatu” filosofiari jarraituko diote Tabakalerako sorkuntza liburutegian, eta eskuragarri egongo den informazioaren eta erabiltzaileen artean bitartekariak egotea bultzatuko dute, bisitariari edukiak lortzen lagun diezaioten.

Lehenengo asteburuan, martxoaren 20ra arte, ordutegi berezia izango du espazioak, baina ohikoa hau izango da:

Asteartetik larunbatera: 10:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00

Igande eta jaiegunetan: 10:00 – 14:00.

Kultura garaikidea, oinarri

Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendari kulturalak horrela definitu zigun Ubik, irailean eitb.eus-ek egindako elkarrizketa batean:

“Ubikek bi ezaugarri berezi ditu. Alde batetik, funtsa kultura garaikidean dago oinarrituta (ikus-entzunezkoak, arkitektura, pentsamendua, teknologia, artea, etab.); bestetik, sorkuntzara bideratutako zerbitzu eta baliabideak eskaintzen ditu.

Funtsa euskarri guztietan eskainiko da: soinua, ikus-entzunezkoak, papera, digitala… Baina Ubik sorkuntza espazio bat ere izango da. Hainbat lan estazio egongo dira esparru tematiko desberdinak lantzen: teknologiarako postu pare bat, autoediziorako beste bat, ikus-entzunezko platoa…

Ohiko liburutegietan ordenagailu bat erreserbatzen den moduan, Ubiken espazio horiek erreserbatu ahal izango ditugu. Gainera, programa garatuko dugu, baliabide horiek erabili ahal izateko.

Honen helburua pixkanaka publiko orokorra kultur proiektuaren gainerako arloetara bideratzea da; beraz, sorkuntza liburutegia sarrera puntua izango litzateke. Ubiken beste betebeharra kultur proiektuan garatzen den programaren isla izatea da, eta gai horietan sakontzen laguntzea”.