Itxi

kultura

Uztailak 11-16

Donostia, kantu inprobisatuen bozgorailu

Agentziak | Erredakzioa

Ahozko inprobisatzaileen nazioarteko topaketa egingo dute Donostian, uztailaren 11tik 16ra, eta apirilaren 16tik 23ra, Kurdistango, Sardiniako eta Euskal Herriko artistek bira bat egingo dute.

Sardiniako, Kurdistango, Galiziako, Kanarietako, Herrialde Katalanetako, Galeseko, Austriako, Zipreko, Kubako, Mexikoko eta Euskal Herriko inprobisatzaileek ahozko tradizioa aldarrikatu eta ezagutaraziko dute Europa bat-batean topaketetan, Donostia 2016ren programaren barruan, uztailaren 11tik 16ra.

Ahotsen Itsasargiari dagokion ekimena Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendariak, Andoni Egaña Mintzola Ahozko Lantegia ahozko tradizioaren ikerguneko ordezakariak eta Carmen Agoues EHUko Udako Ikastaroen zuzendariak aurkeztu dute.

Egañaren arabera, bi maila izango ditu ekimenak, akademikoa eta ikuskizun arlokoa. Izan ere, uztailaren 11tik 16ra nazioarteko topaketa egin baino lehen, Kurdistandik eta Sardiniatik etorritako ahozko inprobisatzaileek eta euskal bertsolariek bira bat egingo dute apirilaren 16tik 23ra.

Guztira, zazpi emanaldi izango dira apirileko horiek, Bilbon (apirilak 16), Hernanin (17), Donostian (19), Iruñean, (20), Markinan (21), Uztaritzen (22) eta Aramaion (23).

Aurreikustako planak aldatu behar izan dituzte emanaldi sorta horretarako, gainera. Inprobisatzaile kurduetako batek arazoak izan ditu Turkiatik etortzeko bisa lortzeko, eta Alemanian bizi den beste artista kurdu bat etorriko da haren ordez.

Topaketak, uztailean

Ahozko Inprobisazioa Munduan nazioarteko topaketak mundu osoko hamaika lurraldetako ordezkariak batuko ditu, eta, batzarrak irauten duen egunetako arratsaldeetan, euren artearen laginak utziko dituzte Donostiako hainbat txokotan.

Emanaldi bakoitzean, adierazpide ezberdinak erabiltzen dituzten lauzpabost artistak parte hartuko dute, eta jaialdia itxiko duen jaialdian batuko dira guztiak, uztailaren 16an, Kursaal jauregian.

Goizetan, zeregin akademikoa izango da nagusi, Miramar jauregian gauzatuko dituzten ekimenen bidez. Hizlariek kantu inprobisatuen, belaunaldien arteko transmisioaren eta hizkuntza gutxituen inguruan hitz egingo dute.