Itxi

kultura

Zamudio

Zamudioko 220 auzokidek aktore lanak egingo dituzte egun batez

Agentziak | Erredakzioa

"Artepen artea" lana datorren ekainaren 25ean antzeztuko dute, Zamudioko Kultura Etxearen patioan. Bertan, herriko euskararen ibilbidea azalduko dute.

Lagatzu kultur taldeak “Artepen artea” lanaren antzezpena antolatu du, urteroko euskal jaiaren barruan. Bertan parte hartzen duten aktore guztiak, 220 inguru, zamudioztarrak dira.

Halaber, Josu Camarak, Kukubiltxo taldearen zuzendari ohiak idatzi eta zuzendu du lana. Bertan, herriko euskararen historia azaltzen da, herriaren bilakaeran garrantzitsuak izan diren jazoerak tartekatuz. Lana, gehienbat, euskaraz izango da, baina pasarte batzuk gazteleraz antzeztuko dituzte.

Lanean zehar txorimalo bat (Txoriabolea) epaituko dute zuhaitz baten kontra (Artea, euskara) horrenbeste bihurrikeri antolatzearren. Modu horretan, txorimaloaren jokoaren aurrean zuhaitza nola moldatzen den ikusiko da.

Fiskalak ahaleginduko dira Txoriabolea erruduna dela frogatzen, abokatuek bere portaera arrazoitzen ahaleginduko diren bitartean. Guzti hori, errege “berezi” baten begiradapean eta horren amaren aurrean gertatuko da.

Datorren ekainaren 25ean, larunbata, egingo dute antzezpena, 12:00etan. Lekuari dagokionez, Zamudioko Kultura Etxearen patioan izango da.