Itxi

kultura

Gertutik

Ormaiztegiko besarkadak

Xabier Larrazabal | EITB

Bake Ituna proiektuaren barruan, Bergarako besarkadari buruzko erakusketa dago ikusgai Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan

“Kontutan hartuta gurea  XIX. mendeari begiratzen dion museo bat dela, eta proiektuaren gai nagusia bake itunak direla, natural atera zitzaigun Bergarako besarkadari buruzko erakusketa antolatzea”, dio Mikel Alberdi Ormaiztegiko Zumalakarregi museoko arduadunak. Bake Ituna proiektu zabalaren  barruan dagoen Ikerketa Kasuak erakusketa bildumaren parte da Ormaiztegikoa. Azken bost mendeetako gertakari historiko zehatzei buruzko erakusketek osatzen dute Ikerketa Kasuak bilduma, eta  Euskal Herriko hainbat museotan daude jarrita. Zumalakarregi museokoak  Alberdiren hitzetan “Euskal Herriko bake itunik famatuena” dena aztertzen du: “Erakusketaren oinarria, noski, historia da. Maroto jeneral karlistak eta Espartero liberalak  modu horretantxe eszenaratu zuten sei urte iraun zuen gerrari bukaera eman zion ituna,  Bergaran elkar besarkatuz. Garai hartako dokumentuak bildu ditugu ”.

Erakusketak ordea, 1839ko gertakari historiko hura du abiapuntu gerora arteak bestelako besarkada batzuk nola irudikatu izan dituen erakusteko, eta guztira, XIX eta XX.mendeetako 90 piezako bilduma osatu dute, tartean eskultura, margolan zein dokumentuekin.

1839. Bergarako besarkadaren aurrean. Keinua eta interpretazioa erakusketa abuztuaren 23a arte bisitatu ahal izango da Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan, eta gero Bergarara bertara eramango dute bilduma.

Aldiriak

Bake Ituna proiektuaren barruan dagoen beste proposamenak Aldiriak du izena eta gaur egungo zenbait artistek proiektuaren gaia aintzat hartuta egin dituzten arte interbentzioak biltzen ditu. Larunbat honetan, Ines Doujak eta John Barkerren Deabruak gau eskola bat ireki du arrakastaren eta porrotaren sekretuak erakusteko ikusentzunezko lana erakutsiko dute dute Trintxerpeko Ziriza Etxean. Xabi Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak azaldu duenez, “lanak drogaren eta gerraren arteko loturaren gaineko gogoeta egiten du, eta galtzaile eta irabazleen bilakaera zein izan daitekeen ere erakusten du”.