Itxi

kultura

telebista

Urriaren 26an hasiko dira 'Game of Thrones' grabatzen Zumaian

eitb.eus

Oier Korta alkateak iragarri duenez, Itzurungo hondartza 6 egunez egongo da itxita, bertan muntaia handia egingo baitute telesaila grabatzeko.

1:36

Urriaren 26an hasiko dira 'Game of Thrones' telesail ezaguna Zumaian grabatzen. Oier Korta alkateak iragarri duenez, sei egunez itxi beharko dute Itzurungo hondartza, muntaia handia egingo baitute bertan hiru aste lehenago hasita.

Udala gustura agertu da telesailaren zazpigarren denboraldiko atalak bertan grabatzeko erabakiarekin, turismoari eta ostalaritzari mesede egingo diolakoan. Gainera, alkateak azpimarratu duenez, grabaketak ez dio hondartza denboraldiari eragingo, urriaren amaieran izango baita.

HBO ekoiztetxearen telesail famatuenaren zazpigarren denboraldiko agertoki berria Zumaia izanik, Bermeorekin batera, Nafarroako Bardean hasitako bideari jarraituko diote.

Zumaiako Udalaren arabera, irailean zehar muntatuko dituzte Itzurunen agertokiak ?inoiz ez hilaren 15a baino lehen?, eta 3 edo 4 aste beharko dituzte lan horiek egiteko.

Era berean, Kortak jakinarazi du abuztuan lan-poltsa bat sortuko duela Udalak, prozesuan zehar parte hartu edo lan egiteko interesa duen ororentzat. Alkateak esan du pertsona ugari beharko dituztela mota askotariko lanak betetzeko: peoiak, gidariak, garbiketa taldeak, figuranteak, etab.

Azken urteotan hainbat film eta telesail grabatu dituzte Zumaian, besteak beste, 8 apellidos vascos, Zipi eta Zape 2, Haundiya eta Lasa eta Zabala. Oraingoan, baina, Game of Thrones ezagunarekin, urrats bat gehiago emango du Zumaiak, nazioarte mailako oihartzuna lortuko baitu.