Itxi

kultura

Gertutik

Ontzietatik ateratako gorputzak

Xabier Larrazabal | EITB

Nagore Legarretak ontziak argazki kamera bezala erabilita sortu ditu Hysteron erakusketako irudiak

5:40

Argazkilaritza estenopeikoa lantzen du Nagore Legarretak. Bere hitzetan, gauza sinplea dirudi: “Edozein ontzi izan daiteke kamera bat. Bat hartzen da, zulo bat egiten zaio, zulo horretatik kanpoko irudia proiektatzen duen argi izpi bat sartzen da, ontzi barruan jarri dugun paper fotosentsibleak argia jasotzen du, eta gero gela ilun batean papera ontzitik ateratzen da eta kimikoen bidez errebelatu egiten da”, azaltzen du.  Hysteron, ireki berri duen  bere erakusketarako argazkiak egiteko, besteak beste  5 kiloko hegaluze lata bat erabili du.

Donostia 2016ren Energia Olatuak ekimenera aurkeztu zuen Hysteron proiektua Legarretak eta hautatua izan ostean Koldo Mitxelena Kulturunean ikusi daiteke erakusketa. 12 argazkiz osatua dago eta zulo bakarra duten ontziekin barik, lau zulodunekin ateratakoak dira,  horrela irudiak nahastuta ageri direlako paperean: “Emakume gorputz zatikatuak  fusionatzen, talka egiten, dantzan,  borrokan ageri dira irudietan. Tentsio hori erakutsi nahi nuen. Plazaratu nahi nuen ideia zen hainbat urtetako errepresioak eta gizarte patriarkalak ze egoeratan utzi dituzten emakumeen arteko harremanak: adibidez, elkartasun edo konpetentzia  harremanak diren”, dio.

Proiektuaren baitan ikuskizun berezi bat ere prestatu dute urriaren 14rako: literatura, musika , dantza eta argazkilaritza nahastuko ditu, Hysteronen ideietan sakondu nahi duen 40 minutuko emanaldiak, eta bertan parte hartuko dutenen artean egongo dira Danele Sarriugarte, Beñat Iturrioz zein Mariano Hurtado, batzuk aipatzearren.

Hysteron erakusketa urriaren22a arte ikusi daiteke.