Itxi

kultura

Gertutik

Zubia gurutzatzeko konpainia

Xabier Larrazabal | EITB

Europako zenbait lagunen testigantzak kaskoetan entzunez Mikel Laboa pasabidea gurutzatzeko aukera ematen du Bridging the Silence instalazioak.

Kaskoak jarrita eta bertatik ateratzen diren lekukotzak adi entzunez ikusi daiteke egunotan jendea Donostiako Mikel Laboa pasabidean. Esperientzia traumatikoak gainditu dituzten lagunen lekukotzak dira, eta horiek biltzeko hiru urtez elkarrekin egin dute lan Beatriz Txurruka, Deirdre Cartmill eta Hrvoslava Brkusic artistek. Bridging the Silence instalazioa da Donostiara ekarri duten hau, eta egunotan Donostian diren Corners of Europe programa barruko lanetako bat da.

Bridging the silence garatzea baina ez omen da erraza izan: Cartmillek eta Txurrukak elkarrekin komunikatzeko arazoak zituzten hasieran.  Elkarrekin lan egitea egokitu zitzaien, baina ezin zuten elkar ulertu. Cartmillek bere Silence izeneko poema lanera eraman zuenean aldatu zen kontua: “Gauza askori buruzko poema da, tartean, Ipar Irlandako egoerari zein hizkuntza errepresioari buruzkoa. Bat batean historia politiko hori duten herrialdeetatik etortzeak elkartu egin gintuen”, dio Cartmillek. Eta horrek piztu zuen orain proiektua denaren ideia. Lekukotzak jasotzen hasi ziren Europako puntu ezberdinetan, denak jatorrizko hizkuntzan mantenduz: “indarkeria politikoarekin, genero aldaketarekin, etxeko abusuekin edo etxe gabe izatearekin dute harremana bildutako istorioek”, azaldu du Beatriz Txurrukak.

Instalazioan, pasabidearen alde bietan dauden postuetan hartu dezake oinezkoak kasko pare bat eta zubia gurutzatzen duen bitartean audioa entzun. Ispiluz egindako hitz erraldoiak ere topatuko ditu zubian zein zubi inguruan: denak dira testigantzetan behin eta berriro errepikatu diren hitzak.

Bridging the silence urriaren 1a arte bisitatu daiteke Donostiako Mikel Laboa pasabidean.