kultura
Abenduaren 3tik aurrera
14.500 bonu, Gipuzkoan kultura gai eta ikuskizunetan gastatzeko
eitb.eus
Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura produktuak erosteko 7.000 bonu eta zuzeneko ikuskizunetara joateko 7.500 bonu jarriko ditu herritarren eskura. Bonu bakoitzarekin, 10 euro aurreztu ahalko dira.
-
20 edo 15 euroko kultura bonuak egongo dira salgai. Argazkia: Efe.
Abenduaren 3tik aurrera, gipuzkoarrek kultura bonua erosi ahalko dute liburuak, musika edozein euskarritan edota filmak saltzen dituzten dendetan edo antzerki eta entzunaretoetan, saltokiok kanpainarekin bat egin badute beti ere. Aldundiak 145.000 euro bideratu ditu horretarako.
Saltoki eta aretoek azaroaren 11ra arteko epea dute kanpainarekin bat egiteko, eta, horregatik, oraindik ez dakite zehatz-mehatz bonuak zenbat establezimendutan erabili ahalko diren beherapen txartelak. Nolanahi den, aurreikuspenen arabera, Gipuzkoa osoko 60 bat saltokik eta antzokik emango dute izena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura gaiak (testu liburuak edo profesionalak ez diren liburuak, musika edozein euskarritan eta pelikulak) erosteko 7.000 bonu eskainiko ditu. Erdiak euskarazko produktuak erosteko izango dira, eta gainerakoekin edozein hizkuntzatakoak erosi ahalko dira. Gainera, 7.500 bonu egongo dira zuzeneko musika, antzerki edo dantza ikuskizunetarako sarrerak erosteko.
Kultura Departamentuak beherapen txartelok erabiltzeko modua aldatu du aurten: produktuak erosteko txartelak 20 eurokoak izango dira, eta ikuskizunetara joatekoak 15ekoak. Batekin zein bestearekin, 10 euro artekoa izango da aurrezkia.
“Gabonen atarian jendeak kulturaz gozatzea sustatu eta saritzea da helburua, hori ohitura bihurtzea, baita liburu dendak, disko dendak, antzokiak eta kultura produktuen aukera askotarikoa eskaintzen duten merkataritza eta banaketa sareak indartzea ere. Hori dagokio Gipuzkoakoa bezalako gizarte moderno eta kultura pluralekoari, kultura arloko BEZaren igoera pairatzen ari den honetan", esan du Denis Itxaso foru diputatuak.
Bonua erosi den toki berean eskuratu beharko dira liburu, disko edo DVDak. Pertsona bakoitzak bonu bakarra erosi ahalko du, erosketa bakarrean erabiltzeko.