Itxi

kultura

Donostia 2016

Idazleak idazleei idazten

Xabier Larrazabal | EITB

Euskal Herriko zortzi idazle kanpoko beste zortzirekin gutunak elkartrukatzen jarri ditu Chejov vs. Shakespeare proiektuak.

Izenburuan literaturaren historiako izenik handienetakoak elkarren kontra jartzen baditu ere, oinarria Amos Oz idazle israeldarrak eginiko hausnarketan du Chejov vs. Shakespeare proiektuak. Xabi Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak azaldu du: “Ozek gatazka amaitzeko bi modu daudela azaldu zuen: shakespearetarra eta chejovtarra. Lehenengoaren amaieretan pertsonaia asko hil egiten dira, odoleztatuta bukatzen du agertokiak, baina justizia nagusitzen da. Chejoven amaieretan berriz, pertsonaia guztiek bizirik amaitzen dute, baina atsekabetuak, adoregabetuak”.

Amos Ozek esandako horretatik tiraka, Euskal Herriko zortzi idazle kanpoko beste zortzirekin harremanetan jarri, eta beraien artean gutunak elkartrukatzea otu zitzaiela azaldu du Payak, gutunotako gaia “gatazka bere zentzurik zabalenean” izango zelarik. Horretan eman dute azken urtea Eider Rodriguezek eta Belén Gopeguik, Angel Errok eta Patrik Ourednikek, Bernardo Atxagak eta Bashkim Shehuk, Arantxa Urretabizkaiak eta Menna Elfynek, Luisa Etxenikek eta Mircea Cartarescuk, Laura Mintegik eta Birgit Vanderbekek, Fernando Aramburuk eta Héctor Abadek eta Harkaitz Canok eta Dubravka Ugresicek.

Harkaitz Canok Dubravka Ugresic idazle kroaziarraz zera esan du: “Kroaziako gobernuarekin haserre dagoen eta Europarekin kritikoa den idazlea da. Saiakera eta fikzioa idatzi ditu eta aspalditik miresten dut”. 7 hile egin dituzte elkarri idazten, gutun baten eta bestearen artean hilebeteko tartearekin, bakoitzak bere hizkuntzan idatzi duenez,  tartean itzultzaileak ere bere lana egin behar izan duelako. Canok esan duenez bere haurtzaroaz aritu zaio Ugresici gutunetan: “Gatazkari loturiko nire lehen oroitzapenei buruz idatzi diot, nola irratitik entzuten nuenarekin konturatu nintzen hemen ohikoa zen zerbait ez zela normala”.  Dena dela, gatazka ez den beste gai batzuez ere aritu direla azaldu du, tartean literaturaz, Erromako aireportuan hegaldiak galtzeaz, edota bainuetxeetako egonaldiez.

Hile luzez elkarri idazten ibili ostean, Harkaitz Cano eta Dubravka Ugresic aurrez aurre arituko dira Donostiako Aquariumeko auditorioan azaroaren 28an. Izan ere Chejov vs. Shakespeare proiektuan parte hartu duten idazle guztiekin topaketak antolatzen ari dira azaroa eta abenduan zehar.  Erein argitaletxeak bestalde, gutun trukaketa bakoitzarekin liburu bana argitaratuko du.