Publizitatea
Itxi

2017/06/29

11:13

kultura

Ekainaren 29tik

Zuzeneko ikuskizunen gaineko BEZa % 10ekoa da jada Nafarroan eta EAEn

eitb.eus

Gaurtik, ekainak 29, aurrera, kontzertu, antzezlan, dantza ikuskizun eta zezenketen zein dantzalekuetako sarreren gaineko BEZa % 10ekoa izango da, % 21ekoa izan beharrean, Espainiako Estatuan.

  • % 11 jaitsiko da kultura jardueren gaineko BEZa. Argazkia: Tom Hagen.

    % 11 jaitsiko da kultura jardueren gaineko BEZa. Argazkia: Tom Hagen.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Estatuko zuzeneko ikuskizunen (kontzertuak, antzezlanak, dantza eta zezenketak) eta dantzalekuetako sarreren gaineko BEZa % 10ekoa da gaurdanik. Izan ere, gaur argitaratu dituzte Espainiako Aurrekontu Orokorrak Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta bertan bilduta dago erabakia.

% 21etik % 10erako beherapenak kanpoan utzi du zinema, eta, bien bitartean, zezenketen BEZa 2012ko jaitsiera baino lehenago zuena baino beherago utzi du, % 18koa baitzen igoeraren aurretik.

Aurrekontuen eztabaidan, PSOEk, Unidos Podemosek, PDeCATek, ERCk, Compromisek eta EH Bilduk bat egin zuten BEZaren beherapena zinemarako sarreretan ere aplikatzea eskatzeko, baina ekimenak ez zuen aurrera egin.

Mariano Rajoyren Gobernuak 2012ko irailean igo zuen kultur jardueren gaineko BEZa % 8tik % 21era, eta, ordudanik, sektoreko ordezkarien protestak etengabeak izan dira, “zerga zama horrek ito egiten gaituelako”.

Musika Industrien Elkartetik gogora ekarri dutenez, lau urtez Espainiako Estatuan izan dira Europako zerga handienak, eta pozik agertu dira jaitsierarekin, baina kultura jarduera guztietan aplikatu beharko litzatekeela nabarmendu dute.

Enpresa batzuek, Doctor Music kontzertu-antolatzaileak kasurako, dagoeneko aplikatu du salgai dituen sarreren prezioan BEZaren aldeari dagokion beherapena. Bestalde, Euskal Herriari dagokionez, EiTBk jakin ahal izan duenez, Last Tourrek ez dauka aurreikusita salgai dituen txarteletan jaitsierarik egitea “ez litzatekeelako bidezkoa izango dagoeneko erosi dituztenekin”, eta Get In donostiar enpresak aplikatzeko asmoa du, “baina lehenago hainbat arazo logistiko konpondu behar ditugu txartelak saltzeaz arduratzen diren enpresekin edo ekoizpen partekatua duten kontzertuen kasuan”.

Frantziako Estatuan % 5,5ekoa da kultura jardueren gaineko BEZa.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;