Itxi

kultura

Bizkaia

Gaztelugatx, Europako zinema kokalekurik onena izateko hautagai

agentziak | erredakzioa

'Game of Thrones'en grabazioak fruituak ematen jarraitzen du, oraingoan Europa mailako sari bat jaso bailezake, eta nazioartean are gehiago egin ezagun.

  • Argazkia: Pedro Luis Ajuriagerra

European Film Commission Network (EFCN) sareak Gaztelugatx hautatu du "Hamarkadako Europako zinema kokalekurik onena" izateko lehiatuko diren 11 tokien artean, Europako kokalekurik onena sariaren barruan, 2016ko udazkenean Bizkaiko txoko horretan Game of Thrones telesaila filmatzeko lanak egin ondoren.

"Kostaldeko kokapen enblematikoa lehiaketako finalisten zerrendan egotearen ondorioz, Bilbo-Bizkaia nazioartean aintzatetsi dute filmak, telesailak nahiz edozein ikus-entzunezko ekoizpen filmatzeko erreferentziazko toki gisa", Bizkaiko Foru Aldundiak nabarmendu duenez.

Hautagaitzak jakin ondoren, Europako ikusleek izango dute azken hitza, haiek emandako botoen bitartez aukeratuko baita irabazlea. Europa osoko ikus-entzunezko sektorearen eta zinemako profesionalak biltzen dituen Cineuropa plataformaren webgunean egingo da bozketa.

Parte-hartzaileek urriaren 25era arte eman ahal izango dute botoa, eta azken hamar urteotan telesail edo dokumentalen kokaleku izan diren 11 tokiren artean aukeratu beharko dute.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bizkaitarrak eta euskal herritar guztiak animatu dituzte Gaztelugatxen aldeko botoa eman dezaten. "Sari horri esker, filmak nahiz telesailak filmatzeari lotutako turismoko eta sormenaren industriako aukera espazio gisa Bilbo-Bizkaiak duen irudia indartuko da nazioartean", ziurtatu dute.

"Hamarkadako Europako zinema kokalekurik onena" sariaren irabazlea azaroaren 7an emango dute jakitera, European Film Commission Network sarearen hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian; Bruselan egingo da, Europako Parlamentuaren egoitzan.

Hauek dira 11 finalistak

Gaztelugatx, Game of Thrones (2016) Bermeo, Bizkaia.

Antiparos uhartea, Suntan, Argyris Papadimitropoulos (2016), Grezia.

Wroclaw hiria, Bridge of Spies, Steven Spielberg (2015), Polonia.

Dubrovnik hiria, Game of Thrones (2012-2014), Kroazia.

Kaštilaceko gaztelua, Game of Thrones (2014-2016), Kaštela, Kroazia.

Görlitz hiria, The Grand Budapest Hotel, Wes Andserson (2014), Alemania.

Guadalquivir ibaiko Minima uhartea, La Isla Mínima, Alberto Rodriguez (2014), Sevilla.

Karakalaren termak, La Grande Bellezza, Paolo Sorrentino (2013), Erroma, Italia.

Val Senales glaziarra, Everest, Baltasar Kormákur (2015), Tirol, Italia.

Valldal - Juvet Landscape hotela, Ex Machina (2014), Norvegia.

Viena hiriburua, Mission: Impossible - Rogue Nation, Christopher McQuarrie, Austria.