kultura
Greba
OLBEk ez du 'Don Pasquale' opera bertan behera utziko, EOSek greba deitu arren
Agentziak | Erredakzioa
Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak jakinarazi duenez, aurrera jarraituko dute antzezlanarekin eta "emanaldiak ahalik eta normalen eskaini ahal izateko hainbat aukera aztertzen" ari dira.
-
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. EiTB.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek azaroaren 18rako, 21erako, 24rako eta 27rako deitutako greba dela eta, ABAO-OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak esan du ez dituela Don Pasquale operaren emanaldiak bertan behera utziko.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren langileek greba egingo dute azaroaren 18tik aurrera, ABAOk antolaturiko opera-jaialdian zehar. Grebaren helburua hitzarmen bat sinatzea da, kidego horren eskariak jaso, enpleguari eutsi, langileen egonkortasuna lortu eta Euskadiko Orkestran "murrizketa-aldia amaitzeko".
ABAO-OLBEk ostiral honetan agiri batean jakinarazi duenez, ez dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoak parte hartzen duen Don Pasqualeren antzezpenak bertan behera utziko.
Ildo horretan, elkartea hainbat aukera aztertzen ari dela jakinarazi du, "emanaldiak ahalik eta normalen eskaini ahal izateko".
ABAO-OLBE oso atsekabetuta dago, berarekin zerikusik ez duen gatazka batek bera kaltetuko duelako gehienbat.
OLBEk eskaera egin nahi die gatazkan aurrez aurre dauden aldeei beren desadostasunak konpontzeko eta berriz ere normaltasuna ekarriko duen adostasunera heltzeko beharrezko urratsak egin ditzaten, tartean dauden hirugarrenen eskubideak urratu barik, ezta kontratu bidez haiek beren gain harturiko betebeharrak ere.