kultura
Museoa
Chillida Lekuk ateak zabalduko ditu berriro 2018an
ETB | eitb.eus
Hauser & Wirth nazioarte mailako galeriarekin akordioa lortu du artistaren familiak.
Chillida familiak badu artistaren proiektua, Chillida Leku museoa, berriro irekitzeko proposamena. Hauser & Wirth nazioarte mailako galeriarekin akordioa lortu dute, eta datorren urtean irekiko dute berriro museoa, ETBk aurreratu duenez.
Galeriak berak eman du albistearen berri bere webgunean. Galeriaren arabera, familiak eta beraiek bat egin dute, eta, horri esker, datorren urtean irekiko dute berriro museoa.Nazioarte mailan garrantzi handia duen galeria da Hauser & Wirth, eta artista garrantzitsuen lanak kudeatzen ditu.
2016an gertatu zen negoziazioen azken haustura. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak elkarrizketa hautsi zutela jakinarazi zuen. "Erabaki zaila izan da", esan zuen, baina museoa berriro irekitzeko kostua Gipuzkoarentzat "handiegia" zela argudiatu zuen.
Familiaren esanetan, Hauser & Wirth galeria aukeratu dute beste artista batzuen ondarearekin lan eginez duen eskarmentuagatik eta bereziki familia izaerari ematen dion garrantziagatik.
Museoa, ordea, ez da ezagutu dugunaren berdin-berdina izango. Chillidaren eskultura eta marrazkiez gain, arte munduko beste artista garrantzitsuen lanak ere jarriko dituzte bertan ikusgai.
Luis Chillidak esan du bere aita hil zenetik "haren ondarea babesteko" lanean aritu dela familia, eta ardura hori galeria baten esku uzteko aukera aztertu zutela.
"Hauser & Wirth aukera garbia izan zen, aitaren ekarpenarekiko sentsibilitate handia erakutsi duelako", erantsi du.
Bestalde, Ian Wirth galeriako arduraduna ere pozik agertu da "Chillidaren ondarea zaintzeko aukera izango dugulako", eta Ameriketako Estatu Batuetan, Europan eta Asian erakusketak antolatuko dituztela iragarri du.
"Gerraosteko eskultorerik garrantzitsuenetako bat da Chillida, Hans Arp, Fausto Melotti, Henry Moore eta David Smith handiekin batera", gaineratu du.
Chillidak egindako lanaren "erakusleiho" bilakatu nahi dute museoa Euskal Herrian eta nazioartean.