Itxi

kultura

Soziometroa

EAEko herritarren % 64, administrazioek kultura gehiago babestearen alde

eitb.eus

Galdeketa baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen ustez administrazioen errekurtsoak kultura eskuragarriago izateko erabili behar dira, eta ez horrenbeste sortzaileak babestera.

  • EAEko herritarren kultura ohiturak ere aztertu ditu inkestak

    EAEko herritarren kultura ohiturak ere aztertu ditu inkestak

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 64ren iritziz, administrazio publikoek gehiago babestu behar dute kultura, eta % 43k uste dute esparru horretara bideratutako errekurtsoak kultura eskaintza eskuragarriago egiteko erabili behar direla, sortzaileei baliabide gehiago eman ordez (% 28k uste dute hori dela beharrik handiena).

Emaitza horiek eman ditu Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako inkestak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak gaurko gobernu kontseiluaren ondoren aurkeztu duena.

Soziometro honen datuak biltzeko, 1.976 elkarrizketa egin dituzte, otsailaren 26tik martxoaren 5era, etxez etxe.

Emaitzatik ondoriozta daitekeenez, biztanleriaren gehiengoak uste du kultura irisgarriago egitera bideratu beharko liratekeela baliabideak, sortzaileen lana zuzen-zuzenean laguntzera bideratzearen gainetik. Horren aurrean, “nolabaiteko pedagogia” egin beharko litzateke, Zupiriaren hitzetan.

“Gure kultura sistema osasungarri eduki nahi badugu, aintzat hartu beharko dugu sortzaileen lanak kulturzaleen babesa izan beharko duela, eta lan hori ere ordaindu beharko dela. Hain zabalduta dagoen ‘doakotasunaren kulturari’ aurre egin behar diogu kulturgintzaren arloan ere” erantsi du sailburuak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar herritarretako seiren iritziz, administrazio publikoek gaur egun ematen dioten babesa baino babes handiagoa eman beharko liokete kulturari (% 64); hamarretik biren iritziz, maila berean babestu beharko lukete (% 21); eta hamarretik batek soilik uste du gaur egun baino babes txikiagoa eman beharko lioketela (% 9).

Ohiturak

Soziometroak irakurzaletasuna ere aztertu du, eta galderei erantzun dietenen % 57k adierazi dute irakurtzeko zaletasun handia edo nahiko handia dutela, eta % 86k esan dute denbora librearen zati bat irakurtzen ematen dutela.

EAEko herritarren % 47k egunero edo ia egunero irakurtzen dute, % 19k astean bi edo hirutan, % 15ek noizean behin eta % 5ek gutxitan. Inoiz ez edo ia inoiz irakurtzen ez dutenak % 13 dira.

Irakurleen erdiek formatu digitalean irakurtzen dute egun, eta 2004an % 18koa zen soilik ehuneko hori.

Azkenik, soilik euskaldunen % 10ek esan dute irakurri duten azken liburua euskarazkoa zela.

Bestalde, musikari dagokionez, EAEko biztanleen % 81ek zaletasun handia edo nahikoa dute musika entzuteko: hamarretik zazpik musika egunero edo ia egunero entzuten dute (% 67), eta hamarretik bik astean hainbatetan (% 18).

Gehienbat irrati edo telebistan entzuten dute musika, edo Interneten zuzenean (% 24), eta % 12k aitortu dute Internetetik doan jaisten dutela musika. % 9k entzuten dute nagusiki erositako edo grabatutako musika mp3an, CDan edo DVDan.

Zinemari helduz, inkestatutakoen artean hamarretik bederatzik astean behin pelikula edo telesailen bat ikusten dute gutxienez, gehienek telebistan.

Azken 12 hilabeteetan, EAEko biztanleen % 60 joan dira zinema aretoetara.

Inkestaren arabera, herritarren % 21 dira bertsozaleak, eta euskal hiztunen % 25 joan dira azken 12 hilabeteetan saioren batera.

Azkenik, arte eszenikoen arloan (antzerkia eta dantza), % 40k esan dute oso edo nahiko gustuko  dituztela, eta % 26 joan dira, datuei jarraituta, antzokiren batera azken 12 hilabeteetan. % 40k gustuko dute museo edo erakusketak bisitatzea.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura