kultura
Internationale Tanzmesse
Euskal Herriko sei konpainia, munduko dantza garaikideko azoka nagusian
erredakzioa
Kukai Dantzaren 'Oskara' eta Emanuele Soavi & Jone San Martinen 'Atlas I / Any body sounds' lanak jaialdiaren programan hautatu dituzte.
-
Kukai dantza taldearen ikuskizuna. Argazkia: EiTB
Dantzaz, Igor and Moreno, Jone San Martin, Kukai Dantza, La Glo Zirko Dantza eta Lokke | Olatz de Andres dira Internationale Tanzmesse azokaren 12. edizioan parte hartuko duten Euskal Herriko dantza konpainia eta sortzaileen izenak, Etxepare Institutuak jakitera eman duenez. Dantza garaikidearen alorreko profesionalen bilkura handiena da Tanzmesse eta nazioarteko hitzordu garrantzitsuena sektorearentzat.
Alemaniako Düsseldorf hirian egingo da abuztuaren 29tik irailaren 1era eta mundu osoko 500 enpresatik gora eta 1500 profesional baino gehiago bilduko dira bertan: koreografoak, dantzariak, agentziak, ordezkariak, banatzaileak, kultur erakundeak… Hori guztia dela eta, bertaratzen diren sortzaileentzat aukera paregabea da euren lana publiko profesionalari aurkezteko, herrialde ezberdinetan eta nazioarte mailan gertatzen ari dena lehen eskutik ezagutzeko eta harremanak lantzeko, Etxepare Institutuaren arabera.
Bigarren aldiz, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik eta ADDErekin (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea) elkarlanean, euskal eszenak presentzia bateratua izango du Tanzmessen, Basque Dance markapean.