kultura
Heriotza
Junes Casenave ohorezko euskaltzaina hil da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
94 urte zituela zendu da idazle eta apaiz zuberotarra, obra oparoa utzita. Irakaskuntzan aritu zen 33 urtez.
-
Junes Casenave ohorezko euskaltzain zuberotarra. Artxiboko irudia: EiTB
Junes Casenave ohorezko euskaltzain zuberotarra hil da, 94 urterekin, obra oparoa utzita, batez ere pastoralgintzan. Hileta elizkizuna asteazkenean izango da, irailaren 26an, arratsaldeko 17:30ean, Bètharramen (Bearno), Euskaltzaindiak jakinarazi duenez.
Urdatxen (Zuberoa) jaio zen Casenave-Harigile, 1924ko apirilaren 4an. Santa Grazin ohikoa zen bezala lau hizkuntzaren hiztuna zen: euskara, Bearnoko okzitaniera, frantsesa eta espainiera.
Apaizgai, Bètharramen (Bearno) ikasi zuen, eta 21 urterekin Palestinara joan zen. Betleemen hartu zituen eskolak eta 1948ko gerra bertatik bizi izan zuen; hantxe egin zen apaiz betharramdarra, 24 urterekin. Bètharramen (lau urtez), Limòtgesen (Lemosin, Okzitania, 12 urtez) eta Donapaleun (Etxekopar ikastetxeko zuzendari; 1964-1981) irakasle eta pedagogo ibili zen. Latina, frantsesa eta greziera irakatsi ditu, eta 33 urtez aritu izan zen irakaskuntzan.
1981ean Zuberoara itzuli zen apaiz lanak egitera, lehen Larrainera bi urtez, eta geroago Altzaira. Azken urteotan Donapaleuko beterramiten egoitzan egon da erretiratuta.
Euskaltzain urgazle 1979ko abenduaren 20an izendatu zuten, eta ohorezko 2000ko urriaren 27an. Euskaltzaindian, Hiztegigintza Batzordean (1987-1989) aritu zen, batez ere. Pastoralgintzan jardun zuen, batez ere, eta 12 pastoral ditu emanak, denak euskaraz bat izan ezik. Beste bederatzi ditu idatziak, baina oraindik eman gabe.