Itxi

kultura

Azaroak 21-23

Mila profesional baino gehiago batuko ditu 948 Merkatuak Iruñean

Agentziak | Erredakzioa

Profesionalentzako jardunaldiez gain, Iruñeko hainbat espaziok 70 adierazpide artistiko baino gehiago hartuko dituzte Nafarroako Arteen Merkatuan: musika, dantza, zinema, antzerkia…

  • 948 Merkatua Nafarroan

Nafarroako eta beste lurralde batzuetako sormen eta kultur industrietako 1.000 profesionalek baino gehiagok hartuko dute parte 948 Merkatua-Nafarroako Arteen Merkatuan azaroaren 21, 22 eta 23an.

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 1.112 pertsonak hartuko dute parte, 688 profesionalek, 361 artistak eta 30 kazetarik.

Lehen bi egunetan, arratsaldez, 70 kultur erakustaldi izango dira Iruñeko hainbat espaziotan, profesionalentzat eta publiko orokorrarentzat irekita, zinema eta telebista, arte eszenikoak, musika, eta arte plastiko eta bisualekin lotutakoak.

Besteak beste, “Another day of life” Raul de la Fuenteren pelikula ikusi ahalko da; Elena Setienen, Liherren, Pettiren eta Puro Relajoren kontzertuak entzun; eta Kukai taldearen eta beste hainbat konpainiaren dantza ikuskizunez gozatu Nafarroako Antzerki Eskolan, Zentralen, Iturramako Civivoxen eta Kondestablen, Indara klubean, Joaquin Maya musika eskolan, Nafarroako Filmategian…

Hilaren 23an, azokaren bigarren edizioa itxiko dute, Pamplona Jazz Big Banden kontzertu batekin.

Anartean, 40 hitzaldi baino gehiago egongo dira, eta Nafarroako, Euskal Autonomia Erkidegoko, Akitania Berriko, Errioxako eta Aragoiko gobernuek bilerak egingo dituzte, elkarrekin balizko lankidetzak edo ikus-entzunezko koprodukzioak aztertzeko.