Itxi

kultura

ZINEMA

'Another day of life', Animazio Film Onena izendatu dute European Film Awardsetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Raul de la Fuente zuzendariak eta Amaia Remirez ekoizleak poz-pozik jaso dute saria, Sevillan ospatu den galan eta eskertza-bideoa grabatu dute. Sari asko jasotzen ari da filma.

Raul de la Fuente eta Amaia Remirez

Raul de la Fuente nafarrak eta Damien Nenow poloniarrak zuzendutako 'Another day of life' filmak European Film Awards sarietan Europako Animazio Film Onenaren garaikurra jaso du bart Sevillan ospatu den galan.

Urriaren 26an iritsi zen pelikula zinema aretoetara. Ryszard Kapuscinskik Angolan 1975ean gerra-kazetari gisa bizi izan zuen esperientzia kontatzen du, Gerra Hotzaren azken "guda-leku" izan zen garaiko istorioa.

Donostiako Zinemaldian publikoaren saria eskuratu zuen, eta geroztik sari andana jaso ditu: Egiptoko El Gouna Zinema Jaialdiaren Publikoaren Saria, Poloniako WAMA Zinema Jaialdiaren Publikoaren Saria eta Euskal Herriko Gidoigile Profesionalen Elkartearen Gidoi Onenaren saria. Gainera, 2018ko Canneko Jaialdian parte hartu du eta Annecy Animazio Jaialdian ere bai.

Kanaki Film ekoiztetxeak egin du filma. Raul dl la Fuente bera eta Amaia Remirez dira Kanakiko buruak eta hunkituta, bideoa grabatu dute biek Sevillatik. Ekoiztetxea ere zorioneko da, Cartoon Movies Jaialdian Europako ekoiztetxe gisa saritu baitzuten.

Filmak ETB, TVE, eta Movistar+en laguntza izan du, eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren babesa. Golem banatzaileak eraman du zinema-aretoetara.