kultura
Ostiral goizean
Ikus-entzunezkoen azken joeren azterketa Bilbon, Tranxmedia ekitaldian
Erredakzioa
EITBko Multibox aretoan antolatutako ekitaldian ikus-entzunezkoen ekoizpen ereduetan izaten ari diren aldaketen inguruan hausnarketa egin dute ostiral honetan hainbat adituk.
Ikus-entzunezko komunikazioaren azken joera eta ekimenen inguruan hausnarketa egin dute ostiral honetan, Bilbon, hainbat profesionalek eta ikertzailek. EITBko Multibox aretoan, Tranxmedia izeneko ekitaldia egin dute goiz osoan zehar, EITBk eta Tabakalera k antolatuta.
Zenbait profesional eta ikertzaile bildu dira bertan, azken transmedia proiektuak ezagutzeko. Helburua ikus-entzunezkoen ekoizpen, hedapen eta kontsumo ereduetan izaten ari diren aldaketen inguruan hausnarketa sustatzea izan da, eta proiektu horien egileen eskutik, edukiak formatu eta plataforma anitzen bitartez zabaltzeko modu berriak aztertu dituzte. ''''Sarearen indarra'''', ''''kalitatezko programen eta edukiak eskaintzen dituzten komunikabideen beharra'''' eta ''''publikoaren gero eta botere handiagoa'''' dira aditu eta profesionalek gaur landu dituzten gaietako batzuk.
Simon Nelson izan da bertan parte hartu duen adituetako bat. Hamalau urtez BBCn multiplataforma estrategiaren arduraduna izan da, eta egun aholkulari gisa ari da. Bere esanetan, ''''webgunean ez dauden edukiak ikusezinak dira''''. Simonen ustez, hedabideen emisio tradizionalak dagoneko ez dira nahikoa publikoaren erritmoari jarraitzeko. Aditu honentzat ''''denboraren mugak eta muga geografikoak apurtu dituen erronka da Internet'''', eta Sarearen indarra erabiltzearen alde agertu da, ''''aurkitzen errazagoak diren eduki herrikoiak sortzeko''''. ''''Dena den'''', gaineratu du, ''''edukiak euskarri anitzetatik plazaratzeko beharrezkoa da programa onak sortzea, sare sozialen erabilera hutsak ez baitu arrakasta bermatzen''''.
Idoia honen inguruan ere aritu da Pablo Escribano Input telebistako arauak birdefinitzeko proiektuaren arduraduna. ''''Edukirik gabeko komunikabideak ez dute ezertarako balio'''', esan du.
Martin Ericsson, The Truth about Marika ekoizpen arrakastatsuaren sortzailea eta The Company P-n sormen zuzendaria publikoaren indarraz aritu da. Bere ustez, komunikabideen eta kultura sortzaileen indarra dagoeneko ez da norabide bakarrekoa, eta publikoak gero eta gaitasuna handiagoa du jarduteko eta norbere ideiak eta ikusmoldeak plazaratzeko.
Besteak beste, Marta Gomes (Sophia''s Diary, Flatmates eta beste hainbat ekoizpen ezagunen sortzaile eta Beactive konpainiako sormen-taldeko arduraduna) eta Gonzalo Madrid (Havas Digital konpainiaren estrategia arduraduna) ere aritu dira jardunaldian.
Alor horretan diharduten profesionalen, inbertitzaileen, ekintzaileen, industria digitalen, ikasleen, eta gai horien inguruan interesa duten guztien arteko topagunea izan da. Gertatzen ari diren aldaketen garrantzia aztertuta, esperientziak trukatu, eta negozio eredu berriak aurkitzea izan dute helburu.
Baliabide digitalek errotik aldatu duten testuinguru berrian, transmedia ikus-entzunezkoen inguruko proiektuak gauzatzeko gora datorren joera da. Egitura eta prozesu berriak esperimentatzen ari den eredua da, azken urteotan sortu diren beharrei erantzuten saiatzen dena: audientziekin interakzioa eta euren parte hartzea, narratiba berriak, istorioak formatu eta plataforma anitzen bitartez kontatzea, fikzioa eta errealitatearen arteko harremana, eta marka estrategia.