Itxi

kultura

91. EDIZIOA

Aurkezlerik gabeko Oscar sariak, 30 urtean lehen aldiz

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Otsailaren 24an Hollywoodeko Dolby Theatren egingo den Oscar sarien 91. edizioan ez da aurkezlerik egongo, 'Variety' aldizkariaren arabera.

  • Oscar saria Dolby Theatre-n.

    Oscar saria Dolby Theatre-n. Argazkia: EFE

Zinemako Arte eta Zientzien Akademiak otsailaren 24an izango den Oscar sarien 91. edizioan aurkezlerik ez egotea erabaki du. Variety aldizkariak argitaratutakoaren arabera, Kevin Hart aktorearen ordezko baten bila zenbait aste eman ondoren hartu zuten erabakia.

Zeremonia gidatu ahal duen aurpegi ospetsurik izan ezean, agertokitik pasatuko diren izarrek egingo dituzte aurkezle lanak.

Gainera, Variety aldizkariari Akademiaren gertuko iturriek baieztatu diotenez, A Star is Born edo Bohemian Rhapsody pelikulen arrakasta dela eta, hainbat esketx eta musika saio egongo dira galan.

Kevin Hart aktore eta komedianteak gala aurkezteari uko egin zion abenduaren 7an, duela urte batzuk Twitterren idatzitako mezu eta txantxa homofoboak biralak egin ondoren.

Hartek Instagramen igotako bideo batean adierazi zuenaren arabera, Hollywoodeko akademiak aktoreari deitu, eta barkamena eskatzeko iradokizuna egin zion, bestela beste aurkezle bat bilatu beharko zuela esanez.

1989an egin zen azken aldiz aurkezlerik gabeko gala bat, 61. edizioan, hain zuzen ere. Urte horretan, Rob Lowek eta Edurnezurik egindako umorezko musika emanaldi batekin hasi zen gala.