Itxi

kultura

Araudia

Jaurlaritzak 'malgutasuna' hitzeman du tabernetako ikuskizun kopuruaren mugarekin

agentziak | erredakzioa

Gainera, Kultura sailburuak esan du Jaurlaritza bestelako araudi bat nahi duten udalekin hitz egiteko prest dagoela.

  • Kontzertua. Argazkia: EiTB

    Kontzertua. Argazkia: EiTB

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuak defendatu egin du ikuskizunetarako baimenik ez duten tabernei soilik urtean hamabi ikuskizuneko muga jartzea, baina esan du araudia "malgutasunez" kudea daitekeela.

Zupiriak EH Bilduren galderei erantzuteko eman ditu arauaren inguruko azalpenok, Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan. Araudia apirilean jarriko da indarrean.

Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak neurria atzera botatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, kultura eta artea "aisialdi ikuskizun hutsal" bihurtzen dituelako.

Estarronak Zupiriari ohartarazi dio kultura ez dela bakarrik "makrokontzertuak edo MTVren jaia", eta arauak hiriak "izpiritu eta arima propio gabe" utz ditzakeela.

Sailburuak zehaztu du dekretu horren bitartez "linboan" zeuden alderdi batzuk arautu nahi dituztela, ez baitago araudi zehatzik aipatu ekitaldietarako.

Ikuskizunetarako baimenik ez duten tabernetan horrelako ekitaldiak egiteko araudi zehatzik ez dagoenez, "zaila" omen da ekitaldian zehar gerta daitezkeenei erantzutea, besteak beste, istripuei.

Horregatik, araudiak "horretarako baimenik ez duten tabernetan egiten diren ikuskizunen legezkotasuna bermatu" nahi omen du.

EH Bilduk ekitaldi kopurua hamabira mugatu izana kritikatu du. Horren aurrean, Zupiriak baimenik ez duten lokalei nahi adina ekitaldi antolatzeko aukera eman behar ote zaien galdetu du.

Dena dela, azpimarratu du gaiaren kudeaketa "malgutasunez" egin daitekeela, eta bestelako araudi bat nahi duten udalekin hitz egiteko prest daudela.