Itxi

kultura

Arteak Ireki

Tabernetako emanaldiak mugatzen dituen dekretuaren aurkako eguna, martxoaren 23an

eitb.eus | erredakzioa

Dekretuaren kontrako plataformak salatu du Jaurlaritzak "arazoa sortu" duela "ez zegoen tokian", eta kultura "behe behetik defendatzera" deitu du.

1:22
Arteak Ireki plataforma osatzen dutenen irudia

Arteak Ireki plataformak tabernetako kontzertuak urtean 12ra mugatuko dituen dekretuaren aurkako ekitaldiak antolatzeko deia egin du martxoaren 23rako, Euskal Herrian "sekula ezagutu ez den murrizketa" bat izango dela iritzita.

Ane Zabala eta Lino Prieto Arteak Ireki plataformaren ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Bilboko Zapzikaleetan Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren aurka jotzeko.

Kultur eta ostalaritza arloetako kideek osatutako plataformak dozenaka eragileren babesa izan du gaurko prentsaurrekoan, tartean Gasteizko Jazzaldia, Doctor Deseo, Zea Mays, Miren Gaztañaga…

Arteak Irekik salatu du Jaurlaritzak "arazoa sortu" duela "ez zegoen tokian", eta "milaka" direla neurriaren aurka daudenak.

Izan ere, "ez da posible jaialdi handien garapena ulertzea bertako eszena babestu gabe", plataformako kideen esanetan: "Kultura behe behetik defendatu behar da".

Gaineratu dute ez daudela "dezibelioak edo ordutegiak arautzearen aurka", baizik eta emanaldi kopurua mugatzearen aurka. Ez diote zentzurik ikusten, eta dekretua bertan behera uzteko eskatzen diote Jaurlaritzari.

Horren harira, Kultura Biziko Espazioak kategoria sortzea proposatu dute, aforo txikiko lekuak babesteko, eta Bartzelonako Udalak egindako araudia jarri dute eredu gisa.

Bestalde, gogorarazi dute hilaren 11n Legebiltzarreko Kultura Batzordean izango dutela iritzia emateko aukera, eta baita Bingen Zupiria sailburuaren asmoen berri izateko ere.

Hala, dekretuaren kontrako jarrera erakusteko, martxoaren 23an Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan kultur ekitaldiak antolatzeko deia egin dute.