kultura
Ehun urteko lana
Eusko Ikaskuntzari eta Euskaltzaindiari emango die Elkarrek Ibilbideari saria
Agentziak | Erredakzioa
Bi erakundeak mendeurrena ospatzen ari dira aurten, eta, horregatik, Elkar Fundazioak horien lan "nahitaezkoa" aintzatestea aukeratu du.
-
Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia bezala, erakundearen mendeurrena ospatzen ari da aurten
Elkar Fundazioak Eusko Ikaskuntzari eta Euskaltzaindiari emango die aurten Ibilbideari Elkar saria, bi erakundeek mendeurrena ospatu dutela gogora ekarrita. Euskal Herrian "esanahi handiko" bi erakunde direla nabarmendu du, eta bien lanaren garrantzia aintzatesteko sarituko ditu.
Horrela, Elkar Fundazioak adierazi du erakunde nazionalak direla, hots, Euskal Herria bere osotasunean hartzen dutenak eta Euskal Herri osoari begira lan egin dutenak euren bizitzako lehen mendean. "Esan daiteke, beraz, euskararen herria egituratzeko nahitaezko elementu direla, beste erakunde askoren artean", azpimarratu du.
Halaber, gogoratu du euskara eta euskal kultura, herri kultura zein kultura jasoa zaindu, landu eta zabaltzea izan dutela helburu; Euskaltzaindiak batez ere hizkuntza, eta Eusko Ikaskuntzak, berriz, jakintza.
Saria maiatzaren 9an emango diete, 19:00etan, Andoaingo Bastero kulturgunean egingo den ekitaldian. Ekitaldi berean, Euskal Herria Zuzenean ekimenak Proiektuari Elkar saria jasoko du (10.000 euro).