Itxi

kultura

Maiatzak 31 - Ekainak 2

Olatu Talkak musika, jolas eta argiz beteko du Donostia asteburuan

Agentziak | Erredakzioa

Jaialdiaren hamargarren edizioak dantza, musika, artea, zientzia eta historia eskainiko ditu hiriaren erdialdean eta auzoetan.

  • Olatu Talka 2019

    Hamaika jarduera eskainiko ditu jaialdiak erdialdean eta auzoetan

2.000 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte, maiatzaren 31tik ekainaren 2ra, Olatu Talka jaialdian, Donostian, ekologiarekin eta ingurumenaren zaintzarekin inoiz baino lotuago egongo den ekitaldian.

#HiriaEgin leloari eutsiko dio Olatu Talkak oraingoan ere, eta, esaterako, berrogeita hamar kontzertu eskainiko ditu hiru egunean (horietatik hamasei, DJenak) Añorgan, Loretopen Cervantes plazan, Kaian, Eguzkitekan, Zurriola pasealekuan, eta Nautikoan.

Gainera, jaialdiak keinua egingo dio itsasoari itxiera ekitaldian, igandean 19:00etan. Adin desberdinetako abesbatzetako ehun lagun jarriko ditu Gorka Mirandak Kaiarriba plazako oholtza berezian. Easo abesbatzako zuzendariak landu du Boga! klausura ekitaldia, eta itsasoarekin lotura duten abestiak eskainiko dituzte bertan.

Aurtengoan, Kontxako erlojuetatik Kaira osatuko duten agertoki ardatza azpimarratu dute antolatzaileek. Gune ezberdinetan, hainbat agertoki jarriko dituzte, eta erdiguneko ia ekintza guztiak bertan izango dira. Loiolan, larunbatean, kaleko arteko jarduerak izango dira, eta egun horretan bertan karpa bat jarriko dute Ondarretan, reggae kontzertuak hartzeko.   

Ametzagaina parkean, umeentzako eta familientzako jolasak egongo dira, eta ekainaren 2an Ana Nushu dantza irakasleak samba kalejira bat gidatuko du Kontxako erlojuetatik abiatuta, 13:00etik aurrera.

Gainera, Argi Artean ikuskizunak ere argiztatuko du hiria ostiralean, 22:00etan hasita, Loiolako erriberetan. Oroimenaren lorategian egingo da arte luminikoko jaialdia, eta argi instalazioen erakusketaz eta hainbat kontzertu eta ikus-entzunezko emanaldiz gozatzeko aukera  emango du, elizaren hormak formatu handiko proiekzioen pantaila erraldoi gisa erabilita: musika esperimentala, poesia, videomapping saioak, bideoa, astronomia...