kultura
KULTURA PLANA 2019-2022
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Planak Euskal Liburutegia sortzea aurreikusten du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal kulturaren inguruko liburutegi digitala izatea espero da. Beste lehentasunak euskal ikus-entzunezkoen sektoreari bultzada ematea eta Artearen Euskal Sistema indartzea izango dira.
-
Koldo Mitxelena liburutegia, artxiboko irudi batean. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Kultura Planak 2019-2022 aldirako sailaren ildo nagusiak jasotzen ditu, tartean, Euskal Liburutegia sortzea, euskal kulturaren inguruko liburutegi digitala izango dena; euskal ikus-entzunezkoen sektoreari bultzada ematea; Artearen Euskal Sistema indartzea, eta euskal kulturaren nazioartekotzea sustatzea.
'Kultura Plana 19/22' dokumentuan hiru azpisistematan banatzen dira kultura politikak: kultura sorkuntza, kultura eskaintza eta memoria bizia.
Bingen Zupiria Kultura sailburuak azpimarratu duenez, planaren helburua sormena eta kulturaren kontsumoa sustatuko duten egitura eta politika publikoak identifikatzea eta zehaztea da.
Zupiriaren esanetan, berritzaileak edo konplexuak direlako edo hizkuntza minoritario batean daudelako merkatuari begira bestela existituko ez liratekeen kultura-adierazpenak bideratu edo lagundu behar ditu sektore publikoak. "Euskadiko erakundeen ardurapean Euskadin, bertako bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan, sortutako eta eskainitako kultura guztia dago. Hala ere, ardura berezia dugu euskaraz sortutako kultura sustatzeko, babesteko eta hedatzeko. Hori beste inork ez baitu egingo", gaineratu du.
Plana bi ardatz kontuan hartuta garatu dute: aukera berdintasuna bi hizkuntzen artean eta aukera berdintasuna gizon eta emakumeen artean. Zupiriak nabarmendu duenez, euskaraz sortzen denak eta emakumeek sortzen eta ekoizten dutenak babes eta arreta berezia behar dute.
Lan-ildoei dagokienez, hauek dira nagusiak: sortzaileen lan-baldintzak hobetzea, ikus-entzunezkoen goraldia sustatzea, nazioartekotzea sustatzea eta euskal kulturaren ikusgarritasuna areagotzea.
Bestalde, kultura eta sormen industriak sustatuko dira horretarako Basque DC2 (Basque District of Culture and Creativity; Kulturaren eta Sormenaren Euskal Distritua) sortuz eta egituratuz.