kultura
Kabildoa
Chillidaren proiektua Tindayan aurrera eramatea erabat baztertu du Fuerteventurak
Agentziak | Erredakzioa
Egitasmoa 1984an planteatu zuen euskal eskultoreak. Mendia zulatzeko eta tolerantziaren aldeko monumentu handi bat jartzeko asmoa zuen.
-
Chillidaren proiektua. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Eduardo Chillidak Tindayan egin nahi zuen eskultura proiektua erabat baztertu du Fuerteventurako Kabildoak. Mendiaren ondare eta balio naturala berreskuratzearen aldeko apustua egin du gobernu berriak (PSOE, Podemos eta NC-AMF).
Andres Brianso (Podemos) Fuerteventurako Kabildoko Kultura eta Ondare Historiko kontseilariak ziurtatu duenez, uztaileko zentsura-mozioaren ondotik osatutako gobernu berriarekin "mendia behingoz babesteko eta proiektuarekin bukatzeko" ordua heldu da.
Euskal eskultorearen proiektua baztertzea beti defendatu izan du Podemosek, baina iragan legealdian Kabildoko oposizioan zegoen. Egitasmoa 1984an planteatu zuen Chillidak. Mendia zulatzeko eta tolerantziaren aldeko monumentu handi bat jartzeko asmoa zuen.
Mendia husteko eta barnean areto kubiko bat eraikitzeko asmoa zuen artistak; sarbidea tunel baten bidez eginez mendi-magalean, eta argia sartzeko bi tximinia bertikalekin.
Tindayari garrantzia ematea defendatu izan du koalizio moreak beti, labar-grabatu baliotsuak babesteko. Gizateriaren ondare izateko hautagai bezala proposatzeko ekimena aurkeztu zuen Podemosek Kanarietako Parlamentuan.
Tindaya mendia (Fuerteventura). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Mendiak berez balioa duela azpimarratu du Podemosek beti. Koalizio morearen hitzetan, urteak hilik daramatzan artista baten proiektuarekin aurrera jarraitzea "zentzugabekeria" da. Zentzu horretan, gizartearen zati handi bat egitsmoaren aurka dagoela gogorarazi du, baita meatze proiektuaren berme falta ere.
Mendiari balioa emateko bide orri bat martxan jartzeko asmoa du uharteko Kabildoak, Fuerteventurako arbasoentzako (mahos) toki magiko eta sakratua zelako.
Tindayako Etxeari "buelta" ematea plantetau du Ondare Historikoko arduradunak. Eraikin zaharra menditik gertu dago. Zaharberritu ondoren, euskal eskultorearen proiektua sustatzeko erabili nahi zuten.
Kabildoko gobernu berriak, ostera, berriz zabaltzeko asmoa du, baina bisitarientzako zentro bihurtu ondoren, "mendiaren balio kultural, arkeologiko eta naturalak azpimarratzeko".
Bestalde, zonaldean parke arkeologiko bat sortu nahi du Kabildoak, eta mendia bisitatzeko bidezidor bat prestatu, talde txikiek grabatuak ikusi ahal izateko. Duela urte batzuk bisitak debekatu behar izan zituzten mendian.