kultura
Urriak 3-6
Marabilli jaialdiak sormenez jantziko du Ondarroa
eitb.eus
Bizkaiko herriko sormen festibalak bereziki “emakumeei, euskarari eta nazioarteko ahotsei” egingo die tartea bosgarren edizioan, urriaren 3tik 6ra.
-
The Baboon Show suediar taldeak Beikozini aretoan joko du larunbat gauean
Xabi Bandini, The Baboon Show, Depedro, Jotakie! eta Liher bakarlari eta taldeen kontzertuak; Manuel Vilas, Leire Bilbao eta David Trueba idazleen hitzaldiak; film laburren lehiaketa, eta “Dantza”, “Oreina” eta “Agur Etxebeste” filmen proiekzioa; “Aztihitza” ikuskizuna eta “Zer duzu, Amy?” antzezlana… Hori eta gehiago prestatu du Manuelistak Kultur Elkarteak urriaren 3an hasi eta 6ra arte Ondarroan, Marabilli Sormen Festibalaren kariaz.
Bi urterik behin antolatzen dute Aitzol Aramaio zinemagilea zena omentzeko jaio zen jaialdia, parte hartzea eta desberdinen arteko elkarrizketa sustatu nahi dituena.
Aurten, bosgarren edizioan, “emakumeek, euskarak eta nazioarteko ahotsek izango dute itzalik handiena”, antolatzaileek azaldu dutenez, eta musika (The Baboon Show, Liher, Depedro, Keu Agirretxea eta Pablo Novoa, Jotakie!…), literatura (Manuel Vilas, Leire Bilbao…), antzerki (Lekittoko Deabruen sua eta “Zer duzu, Amy?”) eta, batik bat, zinema egitarau oparoa prestatu dute.
“Agur Etxebeste!” (Asier Altuna eta Telmo Esnal), “Oreina” (Koldo Almandoz), “Dantza” (Telmo Esnal) eta “Margolaria” (Oier Arantzabal) pelikulak ikusi ahalko dira Ondarroan, eta David Truebak bere sekuentzia kutunak azalduko ditu jendaurrean.
Marabilli festibala ostegunean hasiko da, “10 minutu” saioarekin. Leire Bilbao, Aizpea Goenaga, Askoa Etxebarrieta La Pulga, Alaia Martin eta Aurori Badiola sormen prozesuaren poz eta nekeez mintzatuko dira, bakoitza bere erara, bakoitza hamar minutuz, eta Xabi Bandiniren emanaldia izango da ondoren.
“Irudimenarekin mundua hankaz gora jarri nahi duzuenok” gonbidatu dituzte Manuelistak Kultur Elkarteko kideek Ondarroara, urriaren 3, 4, 5 eta 6rako. Ikusi egitarau osoa.