Itxi

kultura

Komikiak

Spider-Manen heriotza

Erredakzioa

Pertsonaia horren atzean dagoen Peter Parker protagonista Norman Osborn zitalak hil du 'Ultimates' komiki sailaren ale berrian.

  • Spider-Manen heriotza

    Spider-Manen heriotza. Argazkia: Marvel.com

Peter Parker, Spider-Manen mozorroaren atzean ezkutatzen den pertsonaia, hil egin da Marvel argitaletxeak kaleratzen duen ''Ultimates'' komiki sailaren azken alean.

Argitaletxeak banatutako hainbat orrialdetan ikus daitekeenez, Norman Osborn zitala izan da Parkeren heriotzaren erantzule, honek izeba May salbatu nahi zuenean. New York Post egunkariak aurreratu du datorren asteazkenean argitaratuko den komikiaren edukiari buruzko albistea.

''Amaiera da, eta erabaki honek zentzua izan dezan sendo jokatu behar dugu'', adierazi dio egunkariari Brian Bendis gidoilariak.

Gertakari honek Spider-Man ez duela desagerraraziko adierazi du Marvel argitaletxeko Alex Alonso editoreak: ''Udazkenean beste pertsonaia batek hartuko du haren lekua, eta hori gerta dadin lehen pausoa izan da hilketa hau''. Alonsok ez du abuztuan debutatuko duen pertsonaia berriari buruzko xehetasun gehiago eman.

Parker ''Ultimates'' sailetik desagertu arren, Spider-Manen jarraitzaileek 1962tik Marvelek argitaratzen duen ''The Amazing Spider-Man'' sailean jarraitu ahal izango dute.