Itxi

kultura

Europako Kultura Hiriburua

PSEk Donostiaren izendapena ez inpugnatzeko eskatu dio Bellochi

Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzak uste du "gehiegizkoa" dela erabakia auzitegietara eramatea. Angeles Gonzalez Sinde Kultura ministroak esan du Europako Batzordea dela hori aztertu behar duena.

01:34
Donostia Kulturaren Europako Hiriburu hautatzeak polemika piztu du

Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak gogoeta egiteko eta Donostia 2016ko Europako Kultura Hiriburu izendatzearen kontra inpugnaziorik ez aurkezteko eskatu dio Juan Antonio Belloch Zaragozako alkateari.

Epai-mahaiaren akordioaren kontrako adierazpenak entzun ziren atzo buruzagi politikoen aldetik eta hautagai ziren hirietako ordezkarien aldetik.

Pastorren arabera, Zaragozako alkatearen jarrerak "ez du laguntzen Espainiaren izen ona Europan zabaltzeko", eta "polemika artifizial bat" sortzen du eta horrek ez dio mesede egiten "ez Zaragozaren ez Donostiaren irudiari".

Bellochen adierazpenak "desegokiak" direla esan du eta Donostiaren proiektua, berriz, "bikaina" dela.

Eusko Jaurlaritza

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearentzat "gehiegizkoa" izango litzateke Donostia 2016ko Kultura Hiriburu izendatzearen erabakia auzitegietara eramatea.

"Eusko Jaurlaritzatik uste dugu gehiegikeria bat izango litzatekeela, Bellochen gehiegikeria bat izango dela espero dut, eta azkenean ez dela gauzatuko eta ez dela epaitegietara iritsiko, izan ere, lehenengo kaltetuak Zaragozako herritarrak izango dira, frustrazioa eragingo baitu", adierazi du Mendiak.

Europako Batzordeak

Espainiako Gobernutik, Angeles Gonzalez Sinde Kultura ministroak argitu du azkenean inpugnatzen badute Europako Batzordea izan beharko dela "aztertuko" duena.