Publizitatea
Itxi

2020/02/12

13:03

kultura

Ibarrolaren artelana Bizkaian

Omako basoaren erreplika egingo dute, jatorrizkoa pinuen gaixotasunak jota baitago

Agentziak | Erredakzioa

Artistak margotutako pinuak "hiltzen" ari direla eta, itxita dago gaur egun eremua. Bizkaiko ikur bat dela iritzita, Aldundiak beste baso batean egingo ditu margoak, Ibarrola familiak zuzenduta.

1:25
Duela 35 urte margotu zuen Ibarrolak Omako Basoa
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Bizkaiko Foru Aldundiak Omako basoaren, Agustin Ibarrolak Kortezubin (Bizkaia) sortutako artelanaren, erreplika egingo du jatorrizkoa dagoen lekutik gertu, Aldundiak eta artistaren familiak gaur iragarri dutenez.

Margotutako arbolak pinuen gaixotasunak jota "hiltzen" ari direla argitu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, eta horren aurrean, "Ibarrolaren obra bizirik mantentzea" erabaki dutela erantsi du.

Rementeriak prentsaurrekoa eskaini du gaur Jose Ibarrola artistaren semearekin eta proiektuan parte hartu duten aditu batzuekin batera.

Omako basoa itxita dago udaberritik, arbolak erortzeko arriskua handia baita. Batzuk zahartuta daude eta besteak (% 80) pinuen gaixotasunak jota daude.

Foru Aldundiak uste du Ibarrolaren artelana "Bizkaiko sinboloetako bat" dela, eta familiaren babesa jasota, zehaztu du hilabeteak daramatzala aditu talde batekin basoaren errepublika egiteko ideia aztertzen. Rementeriak ez du zehaztu non egingo duten.

Erreplika zehatza, "ezinezkoa"

Rementeriak eta Ibarrolak aitortu dute basoaren erreplika zehatza egitea ezinezkoa dela, eta "Omako espirituak bizirik jarraitzea" dela helburua. 

Erreplika non paratuko duten galdetuta, ahaldun nagusiak esan du hainbat baldintza bete beharko dituela: "Lehenengoa, Omatik gertu egotea; zuhaitz motei zein horien adinari dagokienez teknikoki posible izatea; bisitarientzako irisgarria den kokalekua izatea; jarduketa errespetutsua izatea ingurumenarekin eta Urdaibaiko erreserbarekin; eta, ezinbestean, Agustin Ibarrola bera eta horren familia ados egotea. Horra hor gure konpromisoa".

Bestalde, Jose Ibarrolak azaldu duenez, Omaren basoaren (1982-1985 urteetan sortua) atzean dagoen kontzeptu artistikoa "Equipo 57. Taldearen baitan jasotako lengoaia plastikoaren emaitza da".

Artistaren semearen esanetan, aitak margotutako enborretatik "erdia baino gutxiago dago zutunik", lursailaren jabeak basoaren zati bat bota zuelako. 

Debekatuta Basora sartzea

Azkenik, Bizkaiko ahaldun nagusiak gogorarazi duenez, Omako basoa itxita dago eta debekatuta dago hura bisitatzea, arbolak jausteko arriskua handia baita. Herritarrei debekua errespetatzeko eskatu die Rementeriak (antza, galarazita egon arren, jendea saiatzen da bertara sartzen). 

Horrez gain, aurreratu du Aldundiak Omako multzoak (ahal direnak) zabalik mantentzeko ahalegina egin eta basoa espezie autoktonoekin birpopulatuko duela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena