Publizitatea
Itxi

2020/06/24

17:19

kultura

VENEZIAKO BIENALA

Luis de Pablo musikagileak jasoko du Veneziako Biurtekoren Urrezko Lehoia

Agentziak | Erredakzioa

Antolatzaileek haren "fantasia aparta" eta musika garaikidean utzi duen arrastoa nabarmendu dute.

  • Luis de Pabloren artxibo irudia

    Luis de Pabloren artxibo irudia. Irudia: EiTB.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Luis de Pablo euskal musikagileak Urrezko Lehoia jasoko du Veneziako Biurtekoan, antolatzaileek asteazken honetan iragarri dutenez. Antolatzaileek haren "fantasia aparta" eta musika garaikidean utzi duen arrastoa nabarmendu dituzte.

Ivan Fedele Musikako Biurtekoaren zuzendariak adierazi duenez, De Pablo (Bilbo, 1930) "musikagile handia da", musika garaikidearen garairik erabakigarrienak gaztetxo baten kemenaz zeharkatu ditu", modei men egin gabe.

"Fantasia aparta du, katalogo izugarria, eta ez zen inoiz modetara makurtu, beti bilatu baitzuen oholtza propio bat", azpimarratu du Fedelek prentsaurreko telematiko batean, eta, bide batez, iragarri du musikari bilbotarrak irailaren 25etik urriaren 4ra bitartean egingo den jaialdian jasoko duela saria.

Musikako Zilarrezko Lehoia Raphael Cendo (Niza, 1975) argentinar jatorriko frantziar konpositorearentzat izango da, "saturazioaren" korronte estetikoari hasiera emateagatik, adierazi du Fedelek.

"Korronte, saturazio eta estetika oso berezi eta interesgarri bati hasiera eman dion konpositorerik gazteena da (...). Duela urte batzuk gazte askok jarraitutako bidea egin zuen", gaineratu du zuzendariak.

Gainera, Maria Jose Ribot madrildarrak (Madril, 1962) Dantzako Urrezko Lehoia jasoko du, urriaren 13tik 25era bitartean. 1980ko hamarkadan, Espainiako trantsizio demokratiko betean, eragin handiena izan duen koreografoetako bat dugu Ribot.

Antolatzaileek, "berezko definizioaren arabera, diziplinarik gabeko artista" gisa definitu zuten, eta bi hamarkada baino gehiagotan "arte koreografikoaren munduan nortasun paregabea" izan duela nabarmendu dute.

Dantzako Zilarrezko Lehoia Claudia Castelluccirentzat izango da.

Dantza Biurtekoan, Bartzelonan egoitza duen Maria Campos kataluniarraren eta Guy Nader libanoarraren konpainia independenteak eta Jone San Martin euskal koreografoak parte hartuko dute, besteak beste.

Irailaren 14tik 25era bitartean egingo den Antzerki Biurtekoan, Franco Visioli diseinatzaile italiarrak Urrezko Lehoia jasoko du eta Alessio Maria Romano pedagogo gazteak, ordea, Zilarrezkoa.

Veneziako Biurtekoak, hala, urte honetarako datak berretsi ditu, koronabirusaren pandemia tarteko, eta Zinema Mostraren 77. edizioaren ospakizuna ere mantendu du, irailaren 2tik 12ra bitartean egitea aurreikusita zegoena.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena