kultura
Kimuak 2020
Zazpi film labur aukeratu dituzte 2020ko Kimuak katalogorako
AGENTZIAK |ERREDAKZIOA
Horrela, Kimuak proiektuak euskal film laburrei babesa eta sustapena ematen die. Izan ere, hautatutako filmak nazioarteko jaialdietara bidaltzen dituzte.
Argitaratu dituzte 2020ko Kimuak katalogoko zazpi film laburren izenak. Etxepare Institutuak aurreratu duenez, film dokumentalak, animaziozkoak eta fikziozkoak daude katalogo berrian.
Epaimahaiak aurkeztu ziren 72 film laburretatik 7 aukeratu ditu Kimuak programaren 23. edizioko katalogoa osatzeko. Programaren helburua lan hauek babestea eta sustatzea da. Lanaren kalitatea da hautatua izateko irizpide nagusia. Hautatutako filmak nazioarteko jaialdietara bidaltzeaz arduratzen da Kimuak.
Edizio honetan hautatutako lanak hauek dira: Tucker Davila Wooden eta Larry Mankusoren Barbudos; Paul Urkijo Alijoren Dar Dar; Hauazkena Taldearen Ehiza; Pablo Hernandoren El ruido solar; Iban del Campo eta Silvia Reyren Interior taxi noche; Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos eta Marina Palacioren Ya no duermo.
Zazpi film laburretatik bi euskaraz grabatutakoak dira, beste bi gaztelaniaz, bat ingelesez, beste bat ingelesez eta gaztelaniaz eta zazpigarrena animaziozko film mutua da.
Barbudos Kimuaken hautatua izan den Tucker Davila Wooden bigarren lana da. Film labur dokumental horretan, Bob Wood estatubatuarraren istorioa kontatzen da. AEBek Kubari ezarritako blokeoaren ondorioz karibeko uhartetik AEBra itzuli behar izan zuen Woodek, eta 60 urte geroago, Kubara itzulera erakusten du ekoizpenak.
Dar Dar Paul Urkijo Alijoren azken film laburra da. Gasteiztarrak neska baten eta demonio baten gorabeherak ditu hizpide lan horretan, Errementariren egileak hain gustuko duen genero fantastikoko lana da.
Ehiza Hauazkena Taldearen lana da. Rafael Ruiz Balerdiren 1969ko Homenaje a Tarzan. Capitulo I. La cazadora inconsciente animaziozko film labur esperimentalarekin lotura du sorkuntza horrek. Ruth Escobarrek, Jugatx Astorkiak, Miriam Inzak, Angela Juradok, Oihana Leundak, Arrate Lopez Apellanizek, Naiara Mallabiak, Uxue Reinosok, Bego Vicariok eta Roberto Zabartek osatzen dute Hauazkena Taldea.
Pablo Hernando arabarrak, berriz, El ruido solar lanarekin lortu du katalogoan sartzea. Ikus-entzunezko lanean azaldu ezin den gertaera kosmiko baten ondorioz etorkizuneko ikuspegi labur bat izan duten pertsonen istorioak kontatzen dira.
Iban del Campo eta Silvia Reyren Interior taxi noche filmak egileetako baten esperientzia pertsonal bat du hizpide eta New York hiriari eta kamera ezkutuko Taxicab Confessions saioari omenaldia egiten die.
Katalogoan, Quebrantos film laburra ere dago. Film horren egileak Maria Elorza eta Koldo Almandoz dira. Ibilbide luzeko zinemagile horien film laburra "irrati-grafia" bat da, eta tratu txarrei buruzko bi emakumeren elkarrizketa erakusten du bertan, interferentziekin, isiluneekin eta arrakalekin tartekatuta.
Azkenik, Marina Palacios (1996) zinemagile gazteren hirugarren film laburrak ixten du katalogoa. Ya no duermo lanak 12 urteko mutiko baten eta bere osabaren ametsa kontatzen du: banpiroei buruzko film bat grabatzea.