Itxi

kultura

Gizarte elebidun baten alde

Hizkuntza eskubideak bermatzeko kanpaina berria abiatuko du Elebidek

Erredakzioa

Iaz, 261 kexa jaso zituzten hizkuntza eskubideen urraketak direla-eta. Horietatik 254 euskararekin lotuta zeuden.

00:55
Elebideren kanpaina berria aurkeztu dute

Elebide Hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuak aurrerapausoak ematen jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2010ean jasotako intzidentzien berri eman du astelehen honetan, eta kanpaina berria ere aurkeztu du.

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak jakitera eman duenez, iaz 261 kexa jaso zituzten hizkuntza eskubideen urraketak direla-eta; horietatik 254 euskarari zegozkion. Sailburuordeak emandako datuen arabera, 2009an 212 kexa bildu ziren guztira, eta horietarik 209 euskarari zegozkion eta 3 gaztelaniari. Horrenbestez, kexak % 23 gehitu dira.

Auzmendiren hitzetan, kexa horiek asko laguntzen dute euskararen normalkuntzan. ''Datu soil horrek adierazten du, Elebideri eta antzeko erakunde eta elkarteei esker, Euskadiko herritarrrk gero eta hobeto ezagutzen dituztela beren hizkuntza eskubideak'', gaineratu du.

Nolanahi ere, euskararen normalizazioak argiak eta itzalak dituela onartu du . “Azken hogeita hamar urteei perspektiba pixka batekin begiratuz gero, ordea, ezin da ukatu argiak askoz gehiago direla itzalak baino'', esan du.

Kanpaina berria, martxan
2010eko datuak plazaratzeaz gain, 'Elebiden zure hizkuntza eskubideak babesten ditugu' kanpaina berria ere aurkeztu dute. Aurtengo kanpainaren helburua, herritarrak gizarte elebidun baten alde sentsibilizatzeko ahalegin horretan beste urrats bat egitea da eta, jakina, herritarrek zerbitzu hau gehiago erabili dezatela. Hizkuntza eskubideak urratzen direla ikusten badute, salatzeko eskatu diete herritarrei.