Itxi

kultura

KORONABIRUSA

Osasun langileek ez dute sarrerarik ordaindu beharko Chillida Lekun sartzeko

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Orona Fundazioaren eta Chillida lekuren arteko ekimena da, pandemiak osasun arloko profesionalei eragindako inpaktu emozionala arintzeko.

  • Chillida Leku

    Chillida Leku. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Hernaniko Chillida Leku museoak bere ateak irekiko dizkie osasun langileei, pandemiak eragindako inpaktu emozionala arintzeko. Horrela, ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Chillida Lekuk eta Orona Fundazioak beren indarrak batu dituzte "Osasun Leku" ekimena aurrera eramateko.

Gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan azaldu dituzte xehetasunak. Bertan izan dira Mireia Massague Chillida Lekuko zuzendaria, Iñigo Marquet Orona Fundazioko Garapen zuzendaria, Nausica Sanchez Chillida Lekuko Hezkuntza eta Ikerketa arduraduna eta Juan Carlos Irurzun Psikiatriako mediku espezialista.

"Osasun Leku" programaren helburua "zaintzen gaituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen" laguntzea da. Proposatutako jardueren artean hainbat gaitasun landuko dituzte parte-hartzaileek: "malgutasun psikologikoa, bizipen kontzientea, irekitasuna eta inplikazioa". Sustatzaileek azaldu dutenez, aukera izango dute "artelana zuzenean ikusteko". "Ekintza horrek eragin positiboa du garunean eta bizi-bultzada indartzen du", gaineratu dute.

Proiektu horri lotuta, koaderno bat argitaratu dute Chillida Leku museoko Hezkuntza eta Ikerketa arloak, Osasun Sailak eta Juan Carlos Irurzun Psikiatriako mediku espezialistak elkarlanean.

Proposatutako ariketak laguntza psikologikoaren osagarri izateko pentsatu dituzte. Jarduerak banaka egiteko diseinatuta daude, izan ere, horrela "artelanarekiko harremana zuzenagoa da eta konexioa handiagoa maila emozionalean".

Otsailetik ekainera bitartean izango da martxan ekimena. Epe horretan eta museoa zabalik dagoen ordutegian, Osakidetzako profesionalek doan sartzeko aukera izango dute. Sarrera Chillida Leku museoaren webgunean edo leihatilan eskuratu ahalko dute.

Era berean, gogora ekarri dute itxiera perimetralak iraun zuen bitartean Hernaniko herritarrek museora doan sartzeko aukera izan zutela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.