Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 8

Ateak itxiko ditu gaur Durangoko Azokaren 46. edizioak

Erredakzioa

Bittor Kapanaga idazlea omenduko dute eguerdian, eta euskarazko lehen dokumentalak emango dituzte, 16:30ean. Aurrekoetan bezala, zuzenean eskainiko ditu eitb.com-ek Ahotseneako emanaldiak.

  • Ateak itxiko ditu gaur Durangoko Azokaren 46. edizioak

    Ateak itxiko ditu gaur Durangoko Azokaren 46. edizioak. Argazkia: EITB

Azken txanpan sartu da Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 46. edizioa. Bosgarren eta azken eguna du gaur 2011ko edizioak, eta 20:00etan itxiko ditu ateak. Ordura arte, oraindik badago zer erosi, zer ikusi, zer entzun eta zer egin Durangoko Azokako guneetan.

Ohi bezala, 10:30ean hasiko da programazioa Ahotsenean, eta irakurraldiak, zuzeneko musika emanaldiak eta literatura lanen aurkezpenak izango dira bertan. Besteak beste, Xabier Montoia, Inconexia, Estankona, Itziarren Semeak eta Eñaut Etxamendi izango dira bertan, eta emanaldiak zuzenean jarraitu ahal izango dira, eitb.com-en.

Eguerdian, Bittor Kapanaga omenduko dute Aretoan. 'Bagare, bagera, bagire, bagara...' izenburupean, Otxandioko idazle eta euskaltzalea gogoratuko dute gertutik ezagutu zutenek.

16:30ean, euskarazko lehen dokumentalak ikusteko aukera egongo da Irudienean. Gotzon Elortza getxotarrak 60ko hamarkada hasieran filmatutako lanak dira, Euskadiko Filmategiak 2011n zaharberritutakoak.

Azokari behar bezalako bukaera emateko, kontzertu berezia antolatu dute Plateruenan. Herri musika oinarri hartuta, 'Acrobatak' ikuskizuna izango da bertan. Mestizaje artistikoaz gozatzeko aukera paregabea, Ugia Pedreira abeslari galiziarrarekin, Fred Martins brasildarrarekin eta Mikel Urdangarin musikari euskaldunarekin.